Publicidad
[Entrar | Registrarse]
'Etxalarko etxeen izenak eta Etxalarren historiako zenbait jakingarri'. Baten faltan, bi liburu aurkeztu zituen urriaren 29an Pello Apezetxea Etxalarko apezak herriko Kultur Etxean. Lehenbizikoa, Patxi Salaberrirekin elkarlanean egin du eta bigarrena bakarrik artxiboak arakatuz
AITOR AROTZENA - Lunes, 9 de Noviembre de 2009 - Actualizado a las 07:38h
votos
comentarios
Pello Apezetxea, argitara eman berri dituen bi liburuak eskuetan dituela. (TTIPI-TTAPA)
Vista:
ETXALAR. Toki eta etxe izenak galtzeko arrisku handia dugun honetan, beharrezkotzat jotzen du Pello Apezetxeak izenaren balioa aldarrikatzea. Etxeak, ez ezik, herriaren eta auzoen izenen azalpen etimologikoa egin du eta etxe nahiz baserri guzien argazkiak eta desagertuta daudenen aipamena ere egin du. Etxalarko etxeen izenak liburuak lan handia badu, zer erran Etxalarren historiako zenbait jakingarri liburuaz. Herriko Etxeko eta Parrokiako liburu eta paperetan Pello Apezetxeak ikusi dituen hainbat jakingarri agertu ditu, bertze artxibo eta liburuetatik eskuratutako zerbait gehituta. "Hemen bildutakoa herriaren historiaren zati eta alderdi txiki batzuk dira" dio Etxalarko apezak, "baina ageri diren zatiek herriaz eskaintzen dutena baliotsua gertatuko dela espero dut herriaren zerbait gehiago ezagutzeko". Etxalartarrek, estimazioz hartu dituzte bi liburu mardul eta interesgarriak.
Lehen euskarari buruz edo Usategiei buruz artikuluak eta bertze hainbat idatzi dituzu… Etxalar informazio eta idazteko motibazio iturri handia da zuretzat?
Usategietakoa errealitate berezia da, eta motibazio berezia eragiten du. Badira, nik dakidanez, XIX. eta XX. mendeetan, hainbat idatzi egunkari eta aldizkaritan gai horretaz. Eta gaur egun urtero aipatzen da Etxalarko sarezko ehiza inguruko egunkarietan. Herriari dagokion bertze aipagarria bi estaturen mugan egotea da, horrek ere sortzen ditu egoera ez ohikoak. Baina, nik uste herri guztietan badela zertaz idatzi. Hori bai, populazioaren arabera; jendeak sortzen baitu, gehien bat, informazioa. Euskarari buruz, berriz, era batera edo ber-tzera, nonahi eta noiznahi bilaka-tzen zaigu motibazioa, bi hizkun-tza haundiago eta menperatzaileren artean bizi denez gero.
Zein da zure helburua liburuak idazterakoan? Etxalartarrak bere iraganaz jabetzea behar bada?
Hasiera batean jakin nahiak bulkatu ninduen, batez ere. Gero, ordea, berriak bildu ahala, ohartzen joan nintzen berri horiek herritarren-tzat interesgarriak zirela, gaurko errealitatea neurri batean lehendik etorri eta jasotakoa dela jakiteak, lehengoa gehiago baloratzen eta zaintzen laguntzen ahal baitigu. Azken urteotako nire kezka, horregatik, bildutako informazioa herritarren eskuetan uztea izan da.
Zein dira bi liburuen arteko ezberdintasun nagusiak?
Etxe izenen liburua etxeen izenei buruzko ikerketa lana dela erraten ahal dugu. Izenak bildu, azken lau mendeetan artxibo liburu eta paperetan noiz agertzen diren, eta nola, zer bilakaera jasan duten agertuz geroztik. Gaur egun jendeak ze eratara erabiltzen dituen, non kokatua dagoen etxea, eta bere etimologia azalpena. Etxalarren historiako zenbait jakingarri, berriz, Parrokiako nahiz Herriko Etxeko artxiboetan ikusitako berrien biltzea izan da, herriko bizimodua nolakoa izan den, hainbat alderdiei begira, hau da, populazioaren bilakaera, ekonomia, irakaskuntza, osasungin-tza, erlijioari buruz, etabar. Gai zabalagoa da, goikoaren ondoan.
Etxeen izenak ageri diren liburuan, toki eta etxe izenak galtzeko arriskuan daudela diozu. Badira aunitz urteen poderioz desagertuak Etxalarren?
Paperetan, azken urteetan argitaratutako herriko telefono zerrendan, eta kokatu diren auzoko mapetan oraindik ere erabiltzen dira etxe izenak. Ahoz, ordea, bai haur, bai gazte eta heldu frankoren artean etxe izen aunitz ezezagunak bihurtu dira, nahiz eta batzuetan atearen etxeburuan izena harrian idatzia izan. Ez ezagutzeak ez erabiltzera darama, eta ez erabiltzeak galtzeari bidea irekitzen dio. Liburu honen bidez, ezagutzeko modua dute eta hortik erabiltzera igaro-tzen badira, helburua bete izanen dugu.
Gaur egun izenaz baino gehiago, karrika eta zenbakiaz ezagunagoak dira etxeak?
Ez. Gehiena, etxean bizi den jendearen izena erabiltzen da, karrikan. Baserrietan gehiago erabiltzen da etxearen izena. Bertze hau ere gertatzen da: batzuetan jendeari etxe baten izenaz deitzen zaiola, bertze etxebizitza batera aldatuta ondotik ere. Baina garbi zergatik jakin gabe. Etxe izenak jendearena gainditzen du.
Etxe beraren izena aldatzen da mendeetan zehar?
Bai, baina ez aunitzetan. Bada 17. mendean Argaratea zena, ondoko mendeetan eta egun Axular deitua. Edota 17. mendean Iturria izendatua, 19. lehenengo urteetan Endarenea izena hartu zuena, eta mendearen bigarren erditik gaur egun arte Praderaenea.
Aunitz aldatzen da idatzitako izenetik ahozko erabilerara?
Frankotan bai. Hara adibide ba-tzuk: Zamargileneko borda>Xamarko; Zamúdienea>Zamúinea; Gorósurreta>Goósusta; Irióndoko borda>Indokorda.
Aitzineko mendeetako etxeen izen oinarriak jabearen izena, lanbidea, parajea… izan dira. XX eta XXI.ean ere errespetatu dira edo bakoitzak bere erara jarri ditu?
Denetik bada, baina lehen ez zen joera bat agertu da: jendearen pentsamendu edo sentimenduarekin nolabait lotua dagoena: Etxea maitea, Txoriekin, Txistu, Goiz Argi, Gure itzala. Hau Iparraldean hagitz hedatua dago.
Herriko Etxeko eta Parrokiako liburu eta paperetan ikusi dituzun hainbat jakingarri ageri direla diozu Etxalarko historiako zanbait jakingarri liburuan. Eta bertze artxibo eta liburuetatik eskuratutako datuak ere gehitu dizkiozula. Denbora aunitzeko lana izanen da…
Zerbait erran behar eta, horixe da denen gainetik adieraztekoa: denbora. Orduak eta orduak hainbat urtez hartuak.
800. urtetik 1600.urtera, eta gero mendez-mende antolatu duzu liburua XX. mendera bitarte. Noiz agertzen da Etxalarri buruzko lehen aipamena?
820. urtean Etxalarko Gazteluan jaiotako Iñigo Echalar militarrak Etxarrengo batailan parte hartu zuen. C. Castelsek dioenez, Auñamendi Enciclopedian.
Gerra, kontrabandoa, erlijioa, eskola, olak, sorgin kontuak… gai aunitz landu dituzu. Zerbait nabarmenduko zenuke?
Behar bada, gerrak. Konbentzio gerratik hasita, XVIII. mendearen azkenaldian, XIX. mendeko Napoleonen inbasiokoak eta bi Karlistaldiek izugarrizko hondamena eragin zuten herrian. Alde bateko eta bertzeko tropak hornitu behar izaten zituzten herritarrek eta hori betetzen ez bazuten, fusilatzeko mehatxuak ere jasotzen zituzten alkate eta aberatsek. Karlisten eta liberalen eskariak gutti balira, gerrilari taldeak ere etortzen ziren eta hauek ere eskatu egiten zuten. Ez zen batere egoera xamurra izan etxalartarrentzat ezta inguruko herrientzat ere.
Hainbertze informazioren artean, azpimarratuko zenukeen zerbait?
Populazioaren eta etxegintzaren bilakaera interesgarria iduritzen zait. Hamalaugarren mendetik goiti egin zuen, mendez-mende, hemeretzigarren mende erdira arte. Baserriak ugaritzea ekarri zuen horrek, eta eliza bera ere XVII. eta XVIII. mendeetan handitzea. Ondotik, ordea, XIX. mendearen bigarren erdian eta XX.ean beheiti egiten joan zen, 1860 biztanletik 800era. Duela urte batzuk gelditu zen joera hori.
Seguru argitaratu gabe …Bigarren zati bat izanen du denborarekin liburuak?
Zail ikusten dut. Dena den, gertatuta ere, bertze era batekoa beharko luke izan.
Publicidad
Gracias por su comentario
Publicidad
Publicidad
El tenor beratarra triunfó durante 11 años en la Scala de Milán
"La forma de enseñanza del lenguaje musical ha cambiado una barbaridad"
Los cazadores de Etxalar creen que la huelga anunciada de palomeros busca "quitarles de en medio"
Ahare eta gazta onenak saritu zituzten Arantzako Baserritarren Egunean
Publicidad
Publicidad
Ripagaina aumenta un 30% su edificabilidad residencial
El Gobierno de Navarra acordó en su sesión de hoy iniciar los trámites de modificación del Plan Sectorial de Incidencia Supramunicipal (PSIS)
Hollywood reclama a la Comparsa de Gigantes
Un film protagonizado por Tom Cruise y Cameron Díaz solicita al Ayuntamiento de Pamplona la cesión de las figuras para un rodaje en Sevilla y Cádiz
Publicidad