Saltar al Contenido

1971 urtean kokatzen gara

Berrogei urte korrontearen kontra

euskal herriko lehenengoa izan zen euskaltegiak, arturo kanpionek, 40 urte betetzen ditu aurten

iruñea, miren mindegia - Lunes, 20 de Febrero de 2012 - Actualizado a las 05:10h

Lehenengo ikasle taldeetako bat, jada Komedias kaleko egoitzan.

Lehenengo ikasle taldeetako bat, jada Komedias kaleko egoitzan.

Galería Noticia

1971 urtean kokatzen gara. Euskararen baitan, frankismoan zehar bizi izan den errepresio gogorretik atera-tzeko lehen urratsak ematen ari direla dirudi: euskara batuaren oinarriak ezarri dira dagoeneko, lehenengo ikastolak sortu dira eta Euskaltzaindiak euskara sustatzeko alfabetatze prozesua martxan jarri du.

Iruñean, euskarazko lehenengo klaseak ematen hasi dira, era solte eta lotsatian bada ere. Mugimendua ez da ikusten, baina nabari da: euskal nortasun eta hizkuntzaren berreskurapenaren aldeko mugimendua. Argi izpi bakan batzuk, hodei ilunen artean.

Mugimendu horren baitan sortu zen, urte hartan bertan, Arturo Kanpion euskaltegia, aldeko baldintza eta gertaera zehatzen bateraketaren ondorioz. Alde batetik, ikastolak sortzeko prozesuan parte hartu zuten lagun talde batek euskara gizarteko eremu zabalagoetara eramateko beharra ikusi zuen. Erran beharra dago, bestalde, talde honek Nafarroako ondare kulturalaren babeserako Principe de Viana erakundearekin halako "harreman" ez formala ere bazeukala, nolabaiteko babesa eskaintzen zioena.

Beste alde batetik, Nafarroako Unibertsitatean ikasten ari ziren euskaldun batzuk (nafarrak batzuk, bizkaitar eta gipuzkoarrak besteak), euskara eskolak eskaintzeko prest agertu ziren. Hala, bi talde horien nahiak desira bakar batean bildu ziren, Euskal Herriko lehenengo euskaltegia bilakatuko zenaren lehen hazia ereinez. Lehenengo irakasle horietako bat izan zen egun Arturo Kanpionen zuzendaria den Sagrario Aleman, zeinek arras ongi gogoratzen dituen lehen garai horiek: "Lehenengo klaseak Eskolapioetan ematen genituen. Eskola orduetatik kanpo eskaini behar genituen, beraz, gau eskola bezala hasi ginen".

Egoera horrek, aldiz, ez zuen asko iraun. Urte batean, pisu bat alokatu zen Konpainia kalean, eta klaseak bestelako ordutegietan eskaini ahal izan ziren ordutik aurrera. Euskategiaren estatutuak ere ezarri ziren eta Euskaltzaindiak sortutako Alfabetatze eta Euskaldun-tze Koordinakundearen (AEK) baitan sartu zen Arturo Kanpion Euskaltegia.

Hala ere, ezin daiteke garai erraza izan zela erran: "Lehengo urtetan beti bagenuen halako kezka bat: zenbaterainoko legalitate horrek babestuko gintuen? Principe de Vianak eskaintzen zigun babes moduko hori bagenuen eta Euskaltzaindiaren alfabetatze taldeak zeuden, ba-tzordea ere sortu zen... Hori jakinik ere, bagenekien euskara ikastea botere guneetan ez zela ongi ikusia. Gauza alegala edo berezi xamarra zen, zaila zen horrelako momentu batean horrelako zerbait irekitzea".

Euskararekiko gaitzespen horren froga argia, poliziak euskaltegiaren pisura egindako "bisitak" izan ziren: "Bertan sartu zirela ziur gaude, fitxak lurrean nahasiak aurkitu izan genituen bitan, nahiz eta ofizialki, baimenarekin, ez ziren inoiz etorri". Gora beherak alde batera, Arturo Kanpion euskaltegiak aurrera jarraitu zuen bere bidean.

Iruñeko inguruetako auzoetan ere eskolak ematen hasi ziren eta, 1978an, gaur arte mantentzen diren Komedias kaleko bi pisuak erosi zituzten. Horretarako, 500 euro inguruko balioa zeukaten bonoak ezarri ziren, ikasle zein irakasleek urtero erosten zituztenak: "Urtero ikasle eta irakasle guztiok bono horiek hartuz nolabait ordaindu ziren Komedias kaleko pisuak", azaltzen du Alemanek.

Francoren heriotzak, 1975ean, ikasle kopuruen gorakada ekarri zuen euskaltegian. Izan ere, eta hasieran ikasle kopurua oso aldakorra izan zen arren, 1976-1977 ikasturtean euskaltegiko historiako matrikulazio kopuruaren gailurrera iritsi ziren, mila inguru ikaslerekin. Dudarik gabe, garai nahasia zen, ezegonkortasuna eta etorkizun zalantzatsua airean zebiltzan garaia. Gizartearen zati handi batek euskararen egoera nabarmen aldatuko zenaren susmoa zeukan, erakunde publiko nahiz pribatuetan beharrezkoa bilakatuko zela, etxeetatik kaleetara aterako zela. "Zoritxarrez, ez zen horrela gertatu", dio Alemanek, "ez behintzat Nafarroan".

gaur egun

Egoera larria

Euskaltegiaren bidea ez da inoiz erraza suertatu, baliabideei dagokienez. Arturo Kanpion ireki zen lehenengo urte hartan Principe de Viana erakundeak afari batekin eskertu zien egindako lana. Hortik aurrera, euskara eskolak emateagatik nolabaiteko diru laguntzak ematen hasi ziren Gobernutik, baina era ez sistematizatuan, 1981eko dekretua iritsi zen arte. "Hala ere, gora behera handiak izan dira diru laguntzei dagokionez eta, orokorrean, oso eskasak izan dira", argi-tzen du Alemanek.

Egun, 13 irakasle dihardute lanean, beraietatik zortzi egun osoz. Irakasleriaren prestaketa, urteen joanarekin, asko hobetu da, baita irakasteko metodologia zehaztu eta esperientzia bildu ere. Alderantziz, eta berrogei urte hauetan ikasle kopurua 500 inguruan mantendu bada ere, azken urteetako matrikula kopuruen joera beherakorra da. "Aurten, 200 bat ikasle ditugu Iruñean, eta 40 bat hemendik kanpo".

Euskaltegiaren 40. urteurrena ospatzen den honetan, egoera ekonomikoa ez da ona: irakasleriaren soldatak nolabait mantendu beharra da baina ezin da ikasleen matrikulen prezioa goratu. Gainera, Nafarroako Gobernuaren eskutik "konpetentzia berri bat" sortu da, euskarazko klaseak doan eskaintzen dituena. Arturo Kanpioneko zuzendariaren iritziz, "lehian sartu ordean, orain lanik gabe dagoen jendeari klase trinkoak eskaini beharko litzaieke, gainerako langileei euskaltegietarako bideak irekiz".

Gauzak horrela, euskaltegiak bestelako bideak bilatzeari ekin dio. "Beste zerbitzuak gehitu ditugu, itzulpen zerbitzuak esaterako. Beste talde batzuekin kontratuak egiten saiatzen gara, udaletxe edo sindikatuekin, bertan eskolak emateko... Hala ere, aurtengoa ez da aski izango", ziurtatzen du Alemanek. Bere iritziz, Gobernuak beharrezko diru laguntzak eskaini beharko lituzke, "edozein nafarrek, edozein tokitan, euskara ikasi ahal izateko".

Egoerak, krisi ekonomikoarekin zerikusirik izatetik urrun, Nafarroako euskararen egoerarekin zerikusia duela iritzi du Alemanek. "Euskara, azken urteotan, oso desprestigiatua izan da instituzioen aldetik. Gobernuaren aldetik gutxietsi da euskara, beti beste gauza batzuk horren aurretik jarriz". Hala, egunerokoan euskaraz bizi-tzeko amuak, baldintzak, falta dira.

Alemanek ez du ukatzen "korrontearen kontra" joaten direla sentitu izan ez dutenik, horrek dakarren nekezarekin. Hala ere, aurrerapen txikiek jarraitzeko beharrezkoa duten indarra eta motibazioa ematen die, azken berrogei urte hauetan egin izan duten bezalaxe: pausoz pauso.

votos comentarios

(?)

Herramientas de Contenido

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad