Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Leire Salaberria ilustratzailea

Leire Salaberria: “Helduentzako liburu ilustratuen arloan dauden aurrejuzguak apurtzea beharrezkoa da”

Nafarroako Komikiaren VI. Azokaren baitan, Leire Salaberria ilustratzaile andoaindarraren ‘Hiltzaileak’ lana ikusgai egonen da Iruñeko zitadelan

Elkarrizketa Miren Mindegia - Argazkia Patxi Cascante - Lunes, 14 de Septiembre de 2015 - Actualizado a las 06:12h

Leire Salaberria, iaz, Etxepare saria jaso zuenean.

Leire Salaberria, iaz, Etxepare saria jaso zuenean.

Galería Noticia

iruñea - Beldurretik abiatu eta umorearen gakoaz borobiltzen da Leire Salaberriaren (Andoain, Gipuzkoa, 1983) Hiltzaileak lana. Iaz Pamiela argitaletxearekin plazaratu zuen haur bilduma honen originalak Nafarroako Komikiaren VI. Azokan erakusgai daude orain, beste hainbat egileren lanekin batera, Iruñeko Gotorlekuko Armen Gelan, hilabete bukera arte. Salaberriaren lan honek berezitasun ugari agertzen ditu, ez bakarrik edukian, baita erabilitako material eta teknikan ere. Izan ere, egurrezko xaflen gainean egindakoa da, pirograbatuaren teknika erabiliz.

Egile andoaindarraren lan honek Pamiela argitaletxeak eta Nafarroako hainbat toki entitateetako euskara zerbitzuek antolatzen duten Etxeparen sariketa irabazi zuen iaz, eta azaroan merkaturatu zen. Arte ederretan lizentziaduna, idazle eta ilustratzaileak lehendik ere irabazia zuen sari hau, 2011kan, Euria ari du lanarekin. Euskal Herritik kanpo ere arrakasta lortu izan du, izan ere, bere ilustrazioak munduko zenbait liburu azoketan aukeratu dituzte.

Hiltzaileak haur bilduma da Iruñeko Komiki Azokan erakusten ari zarena. Nola iristen zaizu erakusketa osatzeko proposamena?

-Komiki Azokatik deitu zidaten eta egileen originalak erakustea interesatzen zitzaiela komentatu zidaten. Liburu bat egiterakoan, hainbat materialekin landu daiteke daitezke, harkatzez egindako marrazkiak, akrilikoak... Hiltzaileak-en kasuan, pirograbatuan egindako lana izan da eta azokan berezitasun hori erakutsi nahi zuten.

Material berezia da aukeratu duzuna... Egurrezko liburu bat egitea posible dela erakutsi duzu.

-Bai, azken finean egurrezko liburua egitea bat zetorren bertan jorra-tzen den gaiarekin, horregatik aukeratu nuen pirograbatua. Bestela, ez nuke teknika hori erabiliko eta, seguruenik, berriro erabiliko ez dudan teknika bat da... Baina, kasu honetan, liburuaren zentzua guztiz borobiltzen zuen aukera bat zen.

Zailtasunak aurkitu zenituen egur xafla horietatik liburu formatura pasatzerakoan? Maketazioa zaila suertatu da?

-Egia esan nahiko erreza izan da, dirudiena baino gehiago. Egur xafla batzutan egin nuen lana eta, nahiz eta pirograbatuak erliebe bat sor-tzen duen, eskanerrak textura har-tzea lortzen zuen, xafla lauak zirelako. Argitaletxeak argazkiak egitea baloratu zuten baina azkenean eskanerra erabiliz egurraren textura ongi islatzen zen.

Liburu honen inguruan, jolas moduko bat badela aipatu izan duzu maiz. Zein zentzutan?

-Asmakizun moduko bat da, bai. Hiltzaileak da izenburua eta pertsonaiak aurkezten hasten da, misterio moduan, gaiztoak edo onak diren oso ongi ez dakizula. Azkenera arte ez da jakingo hori. Humorearekin borobiltzen da istorioa, eta dena oso ongi pentsatuta dago: erabilitako teknika, koloreak, pertsonaien aurkezpena... Amaierarekin borobiltzen da lanaren zentzu guztia.

Liburu honen kasuan, istorioaz aparte, erabilitako guzti horrek ia objektu batean ere bilakatzen du. Liburu-objektu kontzeptuaren baitan sartzen da?

-Bai, azken finean, bildumetan batez ere, irudiak garrantzi handia du eta, testua soilik daukaten liburuekin konparatuz, gehigarri hori dauka. Gehigarri hori liburuaren forman, materialean, kasu honetan erabilitako teknikan islatzen da. Zure apalean eduki nahi duzun liburu bat sortzea da helburua, behin irakurrita hor edukitzea gustatuko zaizuna.

Hiltzaileak-ekin Etxepare Saria lortu zenuen iaz, baina ez zen lehenengo aldia. 2011n ere eskuratu zenuen Pamiela argitaletxeak antolatzen duen sariketako garaipena, Euria egiten ari du lanarekin. Zure abiapuntua izan zen, nolabait?

-Abiapuntua baino gehiago, autoestimu puntu bat eman zidan sariketak, horretan lagundu zidan batez ere. Gerora etorri ziren lan gehienak Espainia mailan argitaratu izan ditut eta Espainia eta Euskal Herrian argitaratzen diren lanak lotura gutxi daukate elkarren artean, beraz, ez dakit zein puntutaraino izan zen abiapuntu. Baina lehenengo liburu hori argitaratzeak sentsazio ona uzten dizu, aurrera jarraitzeko indarra ematen dizu nolabait.

Zure lanetako batzuetan, ilustratzeaz gain, idatzi ere zuk zeuk egiten duzu.

-Bai, tartekatzen joaten naiz. Ba-tzuetan, Etxepare Sariketarako aurkeztu izan ditudan lanen kasuan bezala, nik idazten dut; beste ba-tzuetan, negu partean argitaratuko den komiki baten kasuan esateko, beste egileren testuari jarraitzen diot. Batzuetan, zaila da zuretzako leku hori bilatzea, kanpotik lanak iristen zaizkizunean.

Haur literaturaren arloan mugi-tzen da ilustrazioa, gehienbat. Heldu literaturarako bidea irekitzen ari dela errango zenuke edo, zentzu horretan, oraindik aunitz gelditzen da egiteko?

-Umeek, irakurtzearekin batera marrazkiak beharrezkoak dituztela oso txertatua dago gizartean, baina helduen irakurketetan ilustrazioak egotearen inguruan aurreiritzi asko ditugu oraindik. Hori apurtzen dijoan heinean liburu berriak sortzen ari dira, liburu-objektu izaera horrek lagundu egiten du horretan. Euskal Herrian ez hainbeste baina kanpoan geroz eta lan berri gehiago ikusten dira irudiekin, poesia liburuak irudiekin...

Argitaletxeetako batzuk irudiaren aldeko apustu argia egiten ari dira, beraz.

-Bai. Alde batetik liburu elektronikoak daude eta salmenta asko liburu horietara bideratzen dira; eta bestetik liburu-objektu moduko hori gehiago agertzen ari da. Ez dira hainbeste liburu lantzen baina kalitate handiagokoak dira.

Marrazkien kasuan, non aurki-tzen da haurrei zuzendutako eta helduei zuzendutako ilustrazioaren muga? Edo existitzen ez den muga bat da?

-Irudiak, azken batean, gure inguruan daude, ez bakarrik liburuetan. Irudiez inguratuta bizi gara gaur egun. Jendeak, hala ere, aurrejuzguak izaten ditu sailkapen hori egiterakoan: hau haurrentzat da, beste hau ez. Baina gauza guztiekin disfrutatzen ikasi beharra dugu. Nik disfrutatu dezaket umeentzat den liburu batekin, komikik batekin edo poesia liburu batekin. Helduentzako literatura ilustratuaren arloan muga hori apurtzen eta aurrejuzguak alde batera uzten ikasi beharra dugu oraindik.

Komikigintzak publiko zehatz bat izan du, alde horretatik; baina liburu ilustratuen arloak bidea egiteko dauka oraindik zentzu horretan, ezta?

-Bai. Bilduma gehienak haurrei zuzendutakoak dira baina heldu askok erosten dituzte, jarraitzaile asko ditu bilduma ilustratuak. Hezitzaileek, adibidez, haur liburu asko erosten dituzte. Marrazkiak, irudiak gustatzen bazaizkizu seguru bilduma gustatuko zaizula. Gazte literaturan ere irudiak garran-tzi handia dauka.

Azken aldian testu libururen bat ilustratzen ere aritu zara, ezta? Arlo berri bat zuretzat...

-Bai, testu liburu bat egin dut, baita gazteentzako eleberri bat ere, udazkenean argitaratuko dena. Haur mundu horretatik aldentzen da, pixka bat. Azken batean, mundu horretan hasi naiz eta iritsi zaizkidan lan gehienak haur literatura arlokoak izan dira, hor kokatuta nago, eta bestelako gauzak egiteko gogoa ere badaukat.

Bestelako proiektuak ere badituzu esku artean?

-Komentatu dizudan eleberri hori udaberrian aterako dena, alde batetik. Haur literaturari dagokionez beste bi lan dauzkat ateratzeko, ildo beretik jarraituz; eta arlo horretatik kanpo, Getxoko komiki azokarako bi orrialde egiten ari naiz, nire gidoiarekin. Komikigintzan beste lanen bat ere egingo dut aurten, Jon Juarezen gidoi batekin.

Komikiaren mundu horretan, beraz, lehenengo urratsak ematen ari zara... Gogotsu zinen horrelako arlo batean murgiltzeko?

-Bai, nahiz eta orain dela gutxi hasi naizen komikiak irakurtzen. Ni ere aurrejuzguak izan dituen horietako bat izan naiz... Orain, aldiz, nolabait engantxatu naiz.

Herramientas de Contenido

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad