Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Bizikidetza eta diglosia

Beñi Agirre - Martes, 3 de Enero de 2017 - Actualizado a las 13:04h

  • Mail

Arestiren “Aitaren etxea defendituko dut” edo Jon Sarasuaren “Amaren sua” eta goldaroaren erreferentzialtasun landatarretatik haratago, gaur egungo gizartearen genero-rolak kontuan, indar berberaz hitz egin dezakegu amaren etxeaz eta aitaren suaz, eta goldea den nekazaritza tresnaz baino, goldatutako lurraz mintza beharko genuke. Gaur lurraldeaz hitz egiterakoan, nondik gatozen eta zer garen ahaztu gabe, Internet eta ziberespazio Aroaz mintza beharko baikenuke. Ondorioz, euskal-nafar estatu independente baterako iruditeria eta erreferenteak berritu beharrean daude.

2016ko azaroan, EAJ-PNV eta PSE-EE PSOE alderdien artean Gobernua osatzeko itunak honela dio “euskara eta hizkuntza-bizikidetza” gaia jorratzen duen 2. atalean “Euskara Euskadiko berezko hizkuntza da, ez da bakarra, baina guk bakarrik ezagutzen dugu. Euskara Euskadikoa den beste hizkuntzarekin bizi da: Gaztelania. Hizkuntzak ez dira baztertzaileak, baizik eta dibertsitate, aniztasun eta integrazioaren froga. Bizikidetza hori hobetzeko beharrarekin ados gaude, hori bidezkoagoa izan dadin, integratzaileagoa eta orekatuagoa gizarte kohesio handiagoko horizontean.”

Gaztelaniazko bertsioan: “Euskera y convivencia lingüística.- 2. El euskera es la lengua propia de Euskadi, no es la única, pero solo nosotros la poseemos. El euskera convive con la otra lengua que también es de Euskadi: el castellano. Las lenguas no son excluyentes, sino prueba de la diversidad, pluralidad e integración. Compartimos la necesidad de mejorar esa convivencia con el objetivo de que sea más igualitaria, más integradora y más armoniosa en un horizonte de mayor cohesión social.”
Euskadi esaten den horretan Euskal Herria jarrita ere berdin uler daiteke paragrafoa. Gure aldeko hiru hizkuntza hegemonikoetatik bitan emandako paragrafo hauek hausnarketa txiki bat merezi dutelakoan nago. Gaztelaniaz “convivencia” (vivir en compañia de otro-a ó otros-as (RAE)) euskaraz hizkuntza-bizikidetza  deitu diote (Harluxet entziklopedian, bizikide: iz. 1. Bizilaguna. 2. Ezkontidea.) (bizikide; bizikidetzarekin ez dago sarrerarik) sinonimoa “armonian bizi” izan daiteke. Hau da, elkarrekin espazio bat partekatuz gain adiskidetsua izan behar duela ematen du. Elkarbizitza (elkarrekin bizi) eta bizikidea (adiskide izanez bizi leku berean) ez dira erabat sinonimoak.

Joxe Manuel Odriozolaren hitzak maileguz hartuta “Komunitate hegemonikoak sinesten du hizkuntzen bizikidetzan. Bere estatusa bermatzen diolako, eta hor eroso bizi delako. Hizkuntz bizikidetza eskuratu beharko genuke hizkuntz gatazka balego, eta nabarmena balitz. … Bizikidetzaz hitz egingo dugu bi komunitateen arteko tentsioa nabarmena bada eta gatazka bat pizten bada. Baina gure artean estatu etnozidak asimilazio prozesu bat burutua badu, hizkuntz bizikidetza zertan da? Nazio eta hizkuntza bat erabat gainjarri dira. (Berria.eus, 2014-08-05 )
Alegia, pobre izateari dimentsioa ematen dion aberats kontzepturik gabe pobretasuna ulertezina den bezalaxe, hizkuntza bizikidetasuna ulertezina da hizkuntz gatazkarik gabe.

Hortaz, egokiago litzateke “bertako” hizkuntzaz (autóctono -a; propio del lugar) eta “bertaratutako” hizkuntzez (llegados aquí) edo “bertako egindakoez” (hacerse del lugar) hitz egitea. Gobernu hitzarmeneko testuan, hemengoak eta hemengotuak, zentsu gehiago lukete. Bertako hizkuntza zein den begiratzerakoan, egia da, “euskalduntze berantiarraren” defendatzaileekin talka egingo genukeela; baina, aski argudio jorratu direnez hori alde batera utzita, bertaratu eta hegemoniko egindako hizkuntzekin elkarbizitzaz hitz egin beharko genuke.

Euskal Herrira etorritako gaztelania eta frantsesaz gain, beste hizkuntza batzuk badaudela azpimarratu behar da, hauetako batzuk bi horiek baino lehenagokoak gainera, gaskoin-okzitanoa eta arabiera adibidez. Aipatutako hitzarmen testuan “Hizkuntzak ez dira baztertzaileak, baizik eta dibertsitate, aniztasun eta integrazioaren froga” esaten denean, hizkuntza guzti-guztiak direla integratzaileak aipatu beharko litzateke, arrazismo eta xenofobiari bidea ireki nahi ez badiogu behintzat.

Hala ere, argi dago euskaraz ari garenean bertako hizkuntzaz ari garela eta ez bertaratutakoaz. Lingua nabarrorum deitu zion latinez Antso VI.ak 1167an; oraingo Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiaren zati handi bat Gaztelak konkistatu aurretik, Erresuma bakarreko errege zenean. Hortaz, euskaraz eta euskalgintzan aritzea naziogintza egitea da, Ebrotik Aturrirako naziogintzaz alegia. Estatua eta estatugintza beste kontu bat da.


  • Mail

Herramientas de Contenido

Publicidad

Publicidad

Publicidad