Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

la carta del día

Hozka eta dasta!

Por Ana Telletxea - Miércoles, 11 de Enero de 2017 - Actualizado a las 06:06h

Joan berri den urtean jasotako mezu batzuk gogoan bueltaka gelditu zaizkit. Goizetik gauera mezuz betea da gure jarduna, badakigu, eta filtro handiegirik ez izatea arriskugarria da nortasunaren eraikuntzarako, bizikidetzarako eta okurri-tzen zaigun zernahitarako. Berriki indusketa-obra iraunkor ba-tzuetako itxitura umilaren kartelari ikusi nion bezala, “peligro indefinido” dauka inguratzen gaituen hitza irakurtzen ez jakiteak.

“Mehatxu bat duzu oso gertu”, Iruñerriko Mankomunitatearen gutuna halako batean. Barruan paper-zapi bustien harirako kanpaina zekarren, hauek komunera botatzearen kalteaz informatuz eta hainbat aholku emanez. Kontua da kartazalean zuela mezua, eta postontzitik jaso bezain pronto “hay una amenaza muy cerca de ti” irakurtzeak lepoa biratzeko gogoa, gutxienez, sortu zidan, Hitchcocken pelikula baten argudioa bailitzan. Larunbatero huts gabe etxeko atera datorren paradisu-saltzaile lekukoen parea ere etorri zitzaidan bigarrenik akordura, mehatxu bat hurbil nuela berrirakurri nuenean.

“Con un regalo te quieren más” zioen Iruñetik Madrilerako inongo erdibideko gasolindegi-ostatuko esloganak. Komun bakoi-tzaren atearen barrenaldeko kartelak hala zuen mezua preseski: “Don’t forget your gift to be loved”, ez ahaztu zure oparia maita zaitzaten, alegia. Behar fisiologiko oinarrizkoenak ase-tzen direnerako horra materialismo lezio fina, beste behar batzuk sortzeko arte zuriaz. Egiaz, egun hauetarako afixa egokia zen.

“Muerde y saborea” etiketadun jaki bat ezagutu nuen beste batean. Jakia, bai, fruta zehazki. Ez nik erosia, emana baino. Sagar horia, txikia, aizue (ez gal gomendioaren anbiguotasunarekin, ejem). Zer zen, instrukzioa? Azaldu behar ote da sagar batekin zer egin? Behar ote du promoziorik sagar batekiko bizi-esperientziak?

Eta, ixteko, kasu ilea garbitzeko xanpu baten telebistako iragarkiaren letra txikiak zioenari: “ni se te ocurra lavarte los ojos con el champú”: guraso pareak ez du informaltasun handiagoz botako desarrazoia, hori da hori!

Esloganak, gomendioak, publizitatea. Mezuak denak; batzuk agerikoak, besteak ez hain. Gaurkoan mezu hauetako bat berrerabiliko dugu eta, sagarrari baino, aplika diezaiogun bizitzari: hozka eta dasta! Eta urte berri on denei!

Herramientas de Contenido