pamplona negra 2017

Urperatu ez den txalupa

Euskal eleberri beltzaren inguruan aritu ziren atzo Jon Alonso, Jon Arretxe,
Eneko Aizpurua eta Aingeru Epaltza, Pamplona Negra astearen programaren baitan antolatutako mahai-inguruan.

Testua. Miren Mindegia. Argazkia Oscar Montero - Sábado, 21 de Enero de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Jon Alonso, Reyes Ilintxeta, Jon Arretxe, Eneko Aizpurua eta Aingeru Epaltza, atzo, Elkarren ospatutako mahai-inguruan.

Jon Alonso, Reyes Ilintxeta, Jon Arretxe, Eneko Aizpurua eta Aingeru Epaltza, atzo, Elkarren ospatutako mahai-inguruan. (OSKAR MONTERO)

Galería Noticia

Jon Alonso, Reyes Ilintxeta, Jon Arretxe, Eneko Aizpurua eta Aingeru Epaltza, atzo, Elkarren ospatutako mahai-inguruan.

“Literatura urperatzen den itsasontzia bada, genero beltza salbatzen den txalupa da” “Orain arte egin den euskal nobela beltza ez da transgresorea izan bere publikoarekiko” “Euskal munduan, generoarekiko mespretxuzko aurreiritzi bat sumatzen da” “Eleberri beltz bat ona izateko, kritika soziala edukitzea ezinbestekoa da niretzat”

Nafarroako egutegian aste ilun bat baldin badago, horixe urtarrileko erdialdean kokatzen dena da, eta ez eguraldiagatik preseski. Akabatzear dagoen honetan, izan ere, bat egin dute Baztanen ospatzen den Ilbeltza euskal nobela beltzaren asteak eta Pamplona Negra Iruñean ospatzen den jardunaldiak. Bakoi-tza publiko desberdinetara bideratu ohi den arren, atzokoan euskal literaturari tartea eman zitzaion jaialdi iruindarrean lehenengoz, mahai-inguru saio batean genero honetako sonako lau egile bilduz: Jon Alonso (Iruñea, 1958), Jon Arretxe (Basauri, 1963), Eneko Aizpurua (Lazkao, 1976) eta Aingeru Epaltza (Iruñea, 1960).

Reyes Ilintxeta kazetari iruindarrak gidaritzapean, euskal nobela beltzak bizi duen garaiaz, zailtasunez eta erronkez solastatzeko parada izan zen Elkar liburu-dendan ospatutako saioa. Izan ere, lau hizlariek adierazi zuten bezala, duela urte batzuk euskal literaturaren panoraman apenas lekurik ez zuen generoak gora egin du azken hamarkadan. Alonsoren erranetan, “literatura hondoratzen ari den itsasontzi handi bat bada, nobela beltza, genero historikoarekin batera, urperatzetik salbatu den txalupa txikia da”.

Kontsumoko literatura vs kalitatezko literatura? Ilintxetak, euskal nobela beltzak gurean bizi duen olatuaren zertzelada batzuk emanez, Gotzon Garate eta Xabier Gereño bezalako idazleak aipatu zituen aurrekari bezala. “Gerora, 1955ean, esate baterako Jose Antonio Loidiren 15 egun urgainen eta pixka bat beranduxeago, 1962an, Mariano Izeta baztandarrak idatzitako Dirua galgarrieleberria plazaratu ziren. Horiek gure genero beltzaren hastapenak izan daitezke”. Iñaki Zabaletaren 110 Street-eko geldokia eleberria izan zen, ordea, mugarri generoan: “Nobela honek izan zuen arrakastak begiradak erakarri egin zituen eta, batzuk, horrelako gauzak ateratzea jendearentzat erakargarria izan zitekeela pentsatzen hasi ziren”. Ordutik, etengabean gora jo du genero beltzeko egile kopuruak. Olatu horren norainokoaren adierazle izan daiteke Alberto Ladron Harana iruindarra: “Bere liburuak, euskal literaturaren neurrian, best-seller-etan bilakatu dira”, azpimarratu zuen kazetariak.

Kontsumoko literaturaren etiketak, alta, norainoko itzala egiten dio generoari? Izan daiteke kalitatezkoa salmenten zerrendako gorenean kokatzen den literatura? Epaltzaren aburutan, denetarik dago euskarazko genero beltzaren zakuan: “Badirudi genero batek arrakasta baldi badu, jendea zale-tzen bada, bigarren mailako literaturan kokatzen dela. Gaur egun zale gehien biltzen dituen genero edo azpigeneroa izan daiteke, eta denetarik aurkitu daiteke: maisu-lanak, bigarren mailakoak eta zaborra”. “Egia da hemen eta egun, susmoa dudala ez ote garen pasatu lehen gutxietsia izandako genero bat beste muturrera eramatera, ez ote dagoen nobela beltzaren burbuila bat”, gehitu zuen Aizpuruak. Arretxek, bere aldetik, generoarekiko aurreiritzi ezkorra euskal alorrean “nabarmenagoa” dela adierazi zuen: “Batzuetan transzendentalegiak jartzen garela iruditzen zait”.

Hala ere, laurak bat egin zuten genero beltza une gozo batean dagoela azpimarratzerakoan, bai irakurle kopuruari dagokionez, “duela 10 edo 20 urte zegoenarekin alderatuz”, Epaltzak erran bezala;bai egile berrien agerpenari dagokionez ere.

Gure eleberri beltza, transgresioaren mugan Euskal nobela beltzaren nolakotasunari erreparatuz, iritzi desberdinak gurutzatu ziren mahai-inguruko parte-har-tzaileen artean. Izan ere, Alonsok iradokita, egin beharreko lehenengo urratsa eleberri beltza defini-tzea da, honen muga lausoak kontutan hartuta: “Oso zaila da defini-tzea. Generoaren klasiko handienetan, Horace Mc Coyren Hobe nuen etxean gelditu-n bezala, ez da hil-otzik agertzen, adibidez”. Hartara, zerk ematen dio nobela beltzari bere izena? “Zelak esaten zuen bezala, nobela da liburuaren azalean nobela dela adierazten duena. Berdin, nobela beltzekin”, gehitu zuen Alonsok.

Gurean plazaratzen diren eleberriek badute berezko ezaugarri ba-tzuk, Ilintxetak mahai gainean jarri zuen bezala. Beste hizkuntzetako literaturetan gertatzen denaren kontra, euskal literaturan neketan aurkituko da polizia edo uniformedun protagonistarik, Arretxeren iritziz, irakurlearen protagonistarekin identifikatzeko beharrarekin zuzenki lotutako afera.

Alde horretatik, “galdutako aukera bat” bezala definitu zuen Epaltzak polizia pertsonaiei bizkarra ematearena: “Lehen emakumezko foruzaina erdaraz argitaratutako eleberri batean agertu da”, erran zuen Dolores Redondoren nobela gogoan hartuz. “Euskal nobela beltzak transgresorea izan nahi badu, pikoleto bat jarri beharko luke protagonista. Baina euskal literatura ez da transgresorea bere publikoarekiko”. Alonsok kontrako iritzia azaldu zuen, bere aldetik: “Euskal nobela beltza oso transgresorea izan da, lehenengo emakume ikerlari lesbiana atera duelako: Itxaro Bordaren Amaia Azpeldoi. Urteak pasatu behar izan dira erdaraz hori ikusteko”.

Ezaugarriak ezaugarri, eleberri beltz bat kalitatezkoa izateko “harrapatzen duen istorio bat” kontatu behar duela azpimarratu zuen Arretxek. Istorioa interesgarria izatea eta tentsioa hasieratik azken orriraino mantentzeaz gain, Aizpuruak argi agertu zuen bere iritziz eleberri beltz batek beharrezkoa duena: gizartearekiko kritika. “Egile bat hartzen dudanean, ez dut bakarrik enigma bat nola askatzen den jakin nahi, baizik eta prozesu horretan gizartean zer gertatzen den ikustea”. “Generoko tradiziorik onenak”;gaineratu zuen Alonsok, gizarte egoeren “salaketak izan dira”.

Irakurleari errealitatea ulertarazteko bide horretan, alta, nobela beltzak dituen arrisku bat baduela ere adierazi zuen Epaltzak: “Egunkarietan agertzen diren albisteen fotokopia izatea”. “Eleberriak pertsonaien buruan gertatzen dena ulertzen lagundu behar digu, horrek errealitate bat fikzionatzera eramango gaituen arren”, argitu zuen.

Etorkizun lausoaGeneroaren etorkizunari tentuz begiratzen diote atzo mahai-inguruan bildutako lau egileek. Azken garaian sortutako “burbuila”, artifiziala izango denaren susmoa hartzen dio Artetxek. Hala ere, Alonsok aldeko apustua bota zuen. “Urte luzeez erabat baztertua egon den generoa da eta egun, behintzat, agerian dago. Horrek izanen duen garapena, beste kontu bat da”.

“Materiala ez da faltako”, gehitu zuen Epaltzak, “giza gaiztakeria baldi bada nobela beltza elikatzen duena. Euskal literaturari dagokionez, espero ez genuena gertatzen ari da eta seinale ona da hori”.