Leitzako eta Goizuetako udalak ‘tontorrean’

Euskara hutsean aritzen dira dagoeneko bi udalak alor guztietan, salbuespen bakanak kenduta
UEMAren sailkapenean maila gorenera heldu dira bi udalak

Nerea Mazkiaran - Viernes, 3 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 06:08h

Leitza eta Goizuetako udalelako ordezkariak eta UEMAkoak azaldu ziren.

Leitza eta Goizuetako udalelako ordezkariak eta UEMAkoak azaldu ziren. (Argazkia: utzitakoa)

Galería Noticia

Leitza eta Goizuetako udalelako ordezkariak eta UEMAkoak azaldu ziren.

leitza- Leitzako eta Goizuetako udalak ‘gorabidean’ mailan zeuden, baina azken hilabeteotan egindako lanaren eta hartutako konpromisoen ostean, ‘tontorrean’ mailara igotzea lortu dute. Izan ere, oro har, salbuespenak salbuespen, euskaraz funtzionatzen dute bi udalek. “Leitza herri euskalduna da, eta herritarrak ordezkatzen dituen Udalak horren isla izan behar du” nabarmendu zuen Leitzako alkateak, Mikel Zabaleta.

“Horregatik, urte askotan lan handia egin da hainbat esparrutan, Udaletik eskaintzen diren zerbitzuak euskaraz eman ahal izateko” esan zuen. Zentzu horretan, hirigintza zerbitzua euskaratzea nabarmendu zuen Zabaletak aurreko asteartean egindako agerraldia Leitzan. Unai Loiarte, Goizuetako alkatea;Onintza Bengoetxea, Leitzako euskara zinegotzia;Zuriñe Lujanbio, Goizuetako euskara zinegotzia;Kristina Urrutia, Nafarroako Iparraldeko Mankomunitateko euskara teknikaria, eta Miren Etxenike, UEMAko euskara teknikariarekin lagunduta.

Goizuetako udalaren izenean Zuriñe Lujanbio euskara zinegotziak adierazi zuenez, berriz, Goizuetak eta Leitzak erantzukizun berezia dute, “euskararen arnasgune garen udalerriok euskarak zonaldean duen osasun ona bermatzeko ardura baitugu”. Zentzu horretan, administrazioa erabat euskalduntzeko hartu dituzten neurriak nabarmendu zituen. Bereziki “Goizuetako Udalaren barne funtzionamenduan erabilitako ekipoetako programak euskaraz erabiltzeko erabakiak eraman du Goizuetako Udala tontorrera”.

Nafarroako Iparraldeko Mankomunitateko euskara teknikaria den Kristina Urrutiak zehaztu zuenez, “duela 24 urte sartu ziren UEMAn Leitza eta Goizueta. Ia mende laurdena egin dute bi udalek administrazioa euskalduntzeko bidean”. 24 urte hauetan agiriak, txostenak, ebazpenak, aktak eta gainerakoak gazteleraz izatetik erabat euskaraz izatera pasatu direla nabarmendu zuen teknikariak. “Azkenean, guztien ahaleginari esker lortu da helburua” adierazi zuen.

UEMAko teknikari Miren Etxenikek, azkenik, emandako pausoengatik zoriondu zituen bi udalak, gainerako udalentzat eredu direla aipatuz. “Zerbitzua euskaraz bermatzen diete herritarrei eta, beraz, herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatzen dituzte. Horretan, Leitzako eta Goizuetako udalek egindako lana nabarmendu nahi dugu, tontorreraino heltzeko egindako lanagatik eta hartutako konpromisoagatik” gaineratu zuen

LAU MULTZO UEMAk bere baitan hartzen dituen udalak lau multzotan sailkatuta ditu, euskararen erabileraren mailari dagokionez. Lehenenga da Abian: elebietan funtzionatzera bidean. Magalean da bigarrena: nagusiki ele bietan modu orekatuan funtzionatu arren, tartean gaztelania hutsez ere funtzionatzen duten udalak. Hurrengo da Gorabidean: nagusiki euskaraz eta ele bietan funtzionatzen dutenak. Azkena Tontorrean da: oro har, salbuespenak salbuespen, euskaraz funtzionatzen dutenak.