Cartas a la Dirección

Zarauzko batzokiaren 112. urteurrena gogoan

Joakin Landa Zarauzko EAJ-PNV Uri Buru Batzarreko Presidentea - Domingo, 5 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Ez dira garai guztiak ospakizun girokoak izaten, eta azkenaldian, ospakizun handirik gabe zarauztarrontzat benetan gogoangarria den egun bat pasatzen utzi dugu: Zarauzko Batzokiaren urteurrena.

Datorren igandean, Santa Ageda eguna ospatzen den egunean, hain zuzen ere, Zarauzko Batzokiak 112 urte beteko ditu. 1905 urteko otsailaren 5ean, igandean baita ere, Zarautzen lehenengo Batzokia zutitu zen. Izen jatorra “Sociedad Zarauzko Euzko Batzokia” zuen.

Gizaldi hasieran eraiki zen Ondar-kaleko bederatzigarrenean;erderaz, “Arenal” esaten zitzaion kaleari. Etxe hau Zakarias Elustondo eta Paxkualita-tar familien etxebizitzen artean aurkitzen zen garai hartan. Denok dakizuenez, etxe sail hau guztia goitik behera bota zuten, orain mende batzuk, errepidea zabaltzeko.

Garaiko uri-buruak festa handi bat antolatu zuen egun hartan, dantzari eta txistulariekin, inguruko herrietako abertzaleei deituz. Donostia, Pasaia, eta Errenteriako alderdikideek osatutako trena Lasarte-Oria, Hernani, Urnieta eta tolosarrekin ugaritu zen. Berrehun baino gehiago omen ziren tren hartan etorritako abertzaleak.

Egun honek badu beste istorio bat. Tolosatik txistulari talde bat trenez etorri zen Jose Olaizola hernaniarra buru zuela, eta istorioak dioenez, Zarauzko tren geltokitik Batzokira bitartean txistua joaz sortu zuen hernaniarrak “Aupa Mutilak” izeneko abestia. Zarauzko Batzokiaren inaugurazioa zela eta, bereziki sortua eta alderdikideei eskainia. Kantua txistuz jotzeko sortua izan zen, batere letrarik gabe, baina berehala izugarrizko arrakasta lortu zuen. Jendeak herri kantatzat hartu eta bereganatu zuen, egun ezagutzen dugun letrarekin: “Eusko euskotarrak gara guk maite degun aberria, Euskal Herria…”.

Gogoratu dezagun Zarauzkoa izan zela Gipuzkoan ireki zen bosgarren batzokia, lehena Donostian sortu baitzen 1904 urtean, eta eskutik etorri ziren Errenteriakoa (1904-10-09), Pasaiakoa (1904-11-20) eta Bergarakoa (1904-12-13). Beraz, badu bere garrantzia gure Batzokiak. Urteurrenean ospakizun handirik egiten ez dugun arren, idatzi honen bidez gaurko eguna zarauztarron gogora ekarri nahi dugu eta Zarauzko alderdikide guztiak zoriondu.