Erripan Gora

Argizari usainean

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 5 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 06:08h

Galería Noticia

aste honetako epelaldiarekin batera, gogotik aritu dira inausketan Gazteluko plazan. Adarrak mozteaz gain, han berean ederki xehatu dituzte makina batean, goiz erdiko jubilatu saldoaren entretenigarri, denak solas eta solas, begiak langileengan iltzaturik, lorezainen lan moldeak ahoz zafratzen. Otsailean hasten baita eguzkia gure harresietako zoko-moko ospeletan jotzen eta, oro har, nonahi bazterrak panpoxten. Baina halakoetan, beti etorriko zaizu jubilatu horietako bat gogoraraztera, laburrena izanagatik ere, otsaila maiz makurrena ere izaten dela, “bertzenaz, oroitu 56ko otsail hotz hartaz, lau astean den-dena hormaturik, Arga barne”. Eta bertze batek oroitaraziko dizu otsailaren 2a kandelario eguna dela, eta egun horrek baduela bere atsotitz ezaguna: kandelario eguna bero, negua gero;kandelario eguna hotz, negua motz. Kontua da aurten eguna nola joan den ikusita, ez dagoela batere argi ondotik zer etorriko den, goizeko eguzki goxoaren ondotik, alimaleko erauntsia bota baitzuen, haize zirimolarekin batera, terrazetako aulkiak hegan hasteraino. Hotz ala bero, Iruñean lehenago ez zen kandelen eskasik, ba baitziren kandela eta argizari denda txukunak, eta ez galdetu niri zergatik, baina haietan guztietan etxeko txokolatea ere saltzen zuten. Egun, bakar batek dirau;Zapateriako Donezatarrenak, hain zuzen. Denda horietako bat Nabarreriako iturriaren parean zegoen. Han, mutiko bat hazi zen argizari eta txokolate usainean, eta nork daki hura ez ote zitzaion Alexander Tapia Perurenari inspirazio-iturri gertatu Bidadorrek ahanzturatik erauzitako olerkiak ontzeko. Aspaldiko kontuak dira, baina gezurra badirudi ere, oraindik bada Iruñean Alexanderren aita lesakarraz (dendaren jabeaz) oroitzen denik, beti zapela gorria jantzita, karlista amorratua izaki, “lo egiteko ere ez baitzuen kentzen”.