la carta del día

Bidegurutzea

Por Joxe Jabier Segurola - Lunes, 6 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 06:06h

erlijioa eta eskola hizpide. Erlijioa-ikasgaiaren denbora murrizketa dela eta... Arratsalde berandura eroritako euriz asea egunotan errekastoak oso puzturik, irakiten eta apartsu jaisten dira gure ibarretara, egunean baino egunean gehiago... Egunsentiko lehenengo eguzki-printzak edo orratzak itsumustuka bezala... laino artean galduta gabiltza.

Goiko eta behekooi erruki gabe larrua kentzen dabiltzanok idatziz edota beren zin-tzurretatik bor-borka dioten burutazioak entzutean barren guztia irakiten jartzen zait tristurarik neurrigabeena bihotzean sentituz. Hara nola, kanpotik datorren bati euskara berdin izatea(indiferentzia) ulergarria egiten zaidan bezala ezinikusia eta gorrotoa euskarari ulerkaitzak eta eraman ezinak egiten zaizkit, beste ba-tzuk, neurri berean, erlijioa, kristautasuna eta Jainkoa ikusi ezin duten bezala, bai baitira kristautasuna lurperatuko luketenak (eskolatik at erlijioa uztea urrats bat besterik ez da).

Nazaretheko Joshuarena maitasunezko kondairarik xarmagarriena da. Historiagile batek zioen bezala (Flavio Josefok) behin maisua hil eta gero jarraitzailerik ez zela geldituko susmoa ez zen bete, bikoizten eta irukoizten joan ziren kristauak. Jesusena da Jainkoak gure historian bete-betean eskuhartu zuenekoa, gure artean kirikolatu zenekoa;gizon-emakumeon ikuskera, pentsaera eta sentiera irauliz;hitz batez, hankaz gora jarriz. Bere bizkar gain jasotako gurutzea gure ikurra, indarra, argia eta arnasa bihurtuz.

Elizaren kondaira behazunez eta eztiz txotildua dago, sitsak pipizuloz jositako habea, bainan habe zaharrak oraindik zutik dirau. Elizaren buru den Aita Santua gizon zentzuduna, kato-katoa, sentibera eta buruargia gure ezaugarri edo erreferente morala eta etikoa bihurtuz. Aitzitik, izendatuberria den Enperadore burugorriak (ta bere gurdira igotzen ari diren guztiak) ahotik biriak boteaz, pitsa eta lerdea dariola, eta belarrondotik belarrondorainoko irrifarra erakutsiz, muturrak elkarri ufaka, begitatik makarrak kendu, garai berri eta beltz baten atarian gaudela erakusten digu.

Hementxe dituzue eskolan erlijioak betetzen ditun eginkizuna eta izateko arrazoia: Hezkuntzan ikastetxeetan ematen den ikasgaia (erlijioa) ez dela katekesia, uler diezadazuen: inguruko klima mota desberdinak lantzen dihardugun heinean, bereziki hemengoa edo gurea den horretan luze eta zabal ari-tzen garen antzera, erlijio mota ezberdinak lantzen diren arren (gainetik bada ere) gurea eta hemengoa den honetan, katolikoan hain zuzen ere, gehienbat dihardugula. Ez da beraz, egiten duguna aparteko gauza bat.

Bestalde, giza-eskubideen aldarrikapena gauzatzeko iturburuetariko bat kristautasuna izan zen irudira, bata eta bestea eskutik joan beharko liratekeela deritzot, hala ez bada ere beti. Baloreak edo balioak ere txito lantzen dira ikasgai honetan eta musika honekin lagunduta, nola ez.

Sona, izen eta entzute handiko gizon batek;txikia bainan itzal luzea zuena eta duena;jakintsua bainan apala, otzana eta umila aldi berean, Joxemiel Barandiaranek hain zuzen ere;kristautasunaren ardatza gizatasuna eta gizabidea zirela esan ohi zidan.

Euskal kultura eta kristautasuna uztarturik ezagutu izan itut. Gure historia, artea, literatura eta kultura ulergarria izateko erlijioarekin hestu-hestu loturik daudela eta hainbat gertakizun eta pertsonai historiko,artistiko, literario ulerkaitzak izango litzaizkigukeela. Linguae Vasconum Primitiae (1545) Nork daki aurrena idatzi zen euskal liburua apaiza batek idatzi zuela eta bertan erlijioa, maitasuna eta euskara zituela hizpide? Hainbat artelan (koadro, gizairudi, liburu...) eta gertakizun nola ulertu testuinguru honetan ez bada?

Bukatzeko, ez dut haizeburu edo etxekalte izan nahi, orain arte euskal kulturaren alde eginiko lana eskertuz beti ere, umiltasun haundiz, agintaritza-makila dutenei aldaba joka natorkie erlijioa bere-berean utz dezaten eskatuz.