Mugatik

Katakrak bezain eredugarri

Por Aingeru Epaltza - Martes, 7 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 06:06h

uPNren agintaldiaren amaieran ohitu ginen sekulakoak eta bat aditzera eta irakurtzera Euskalerria Irratiaren auzia Parlamentura etor-tzen zen aldiro. Horiek espantuak, eskuin politiko eta mediatikoarenak, kontua Uxue Barkosek edo Patxi Zabaletak ateratzen zutelarik. Zozoak beleari nola, ustelen pare jartzen zituzten, Iruñerriko irratiarendako legeztapena eta dirua eskatzeagatik haren akziodunak izanik. Begi-bistakoa zen Barkosek eta Zabaletak sekula santan berreskuratzeko xederik ez itxaropenik gabe sartua zutela beren dirua, bertze batzuek bezala. Alferrik, ordea, inkisidoreei halakorik azaltzea. Fede gaiztoari eta beren burua zuritu beharrari hirugarren gaitz bat gehitzen zioten: eskuzabaltasun hutsez eta irabazi asmorik gabe, inork kultur proiektu batean dirua nolatan xahutzen ahal duen ulertzeko ezintasuna. Egun hauetan Aranzadiko zinegotzi Armando Cuenca larrutu nahirik dabil Iruñeko Udaleko oposizioa. Hiriburuko Gobernu Batzarreko kidearen bekatua, Udalak Katakrak-i 6.000 euroko erosketa bat egin izana, bera liburu denda proiektuko partaidea izanik. Albistea plazaratu zenetik, Cuenca harrikatzen ari dira duela bi urte Nafarroan agintea galdu zutenak. Beharrik ez diren falta izan zinegotziaren alde agertu direnak, batez ere Podemosen eta Ezkerraren inguruan. Zinegotziaren defendatzaileek liburu dendaren izaera berezi eta eredugarria oroitarazi dute batez ere: zer eta kooperatiba bat, autogestionatua, bertako langileei soldata bat segurtatu ez ezik, irabaziak proiektuan berrinbertitzen dituena. Hara non, liburuak saldu ordez irakaskuntzan ari balitz, ikastola pribatu bat izanen litzateke Katakrak: kooperatiba bat, autogestionatua, irabazi asmorik gabea, etekinen berrinbertitzailea, halakorik izatekotan. Ez dakit jabetu diren Podemosen eta Ezkerran.