‘Erabaki Fest’ jaia izango da larunbatean

Bizikleta martxa, ekitaldia, herri bazkaria eta ospakizuna izango dira Tolosako Alondegian

2017(e)ko otsailaren 8a, asteazkena - 06:09etan eguneratua

Tolosa- Egun osoko egitaraua antolatu du Giltzarriak larunbat honetarako Tolosan eskualdeko 28 herriei begira. Bizikleta martxa, ekitaldia, herri bazkaria eta ospakizuna izango dira Erabaki Fest jaiaren baitan.

Eguna hasteko, 11.00etan, bizikleta martxa izango da Eskualdeko bost adar nagusietatik Tolosara: Larraul, Berastegi, Orexa, Baliarrain eta Bidania-Goiatz. Gainerako herriak bidean batuko dira tropelera.

Ondoren ekitaldi guztiak Tolosako Alondegia plazan izango dira. Martxoaren 19ko galderaren aurkezpena egingo dute 13.15ean eta prozesuaren azken txanparen iragarpena egingo dute. Herri bazkaria ere iragarri dute, 14.00etan, bertsolariek eta trikitilariek girotuta. Txartelek 15 euro balio dute eta salgai daude oraindik Orbela eta Raku tabernetan. Bazkal ostean, 15.00etan, ospakizuna hasiko da, eta musikaz eta dantzaz jantziko da Alondegia plaza. DJ Bull-ek jarriko du musika eta txoznak zabalik izango dira iluntzeko 21.00ak bitarte. - M.S.S.