Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

NUP-ek Nafar Enpresa eta Diseinua izeneko VII. Jardunaldiak egingo ditu otsailaren 20tik 24ra Tuterako campusean

Lau hitzaldi emango dituzte zenbait adituk, eta ikasleentzako bi lantegi egingo dira doako topaketa horretan

Jueves, 9 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 19:32h

NUPeko ikasleak Tuterako campusean, iazko jardunaldietan egindako lantegi batean.

NUPeko ikasleak Tuterako campusean, iazko jardunaldietan egindako lantegi batean. (UNAVARRA.ES)

Galería Noticia

NUPeko ikasleak Tuterako campusean, iazko jardunaldietan egindako lantegi batean.

PAMPLONA. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Nafar Enpresa eta Diseinua izeneko VII. Jardunaldiak (END7) egingo ditu otsailaren 20tik 24ra Tuterako campusean. Jardunaldien xedea da diseinuaren praktika eta esperientzia hurbiltzea ikasleei eta jende guztiari. Topaketan, adituek emandako hitzaldiak eta ikasleentzako bi lantegi egingo dira, sormena garatzeko tresnak eta teknikak eskura ditzaten. Jardunaldietan izen-ematea doakoa da, eta topaketaren webgunean kontsulta daiteke egitaraua.

Otsailaren 21ean, asteartea, hitzaldi saio bat egingo da. 16:00etan hasiko da, eta Carmelo Puyo Irisarri NUPeko Tuterako campuseko Ingeniaritzako Adierazpen Grafikoko irakasleak eta ekitaldiaren antolatzaileak egingo du aurkezpena. Lehen hitzaldia, “Euskal diseinu-industriak” izenekoa, 16:15ean hasiko da. Benicio Aguerrea Fuentes EIDE Euskadiko Diseinugileen Elkartearen koordinatzaileak emango du, eta elkarte profesional hori nazioartekotzeko programa aurkeztuko du. EIDE elkarteak, izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako diseinatzaile industrialak, grafikoak eta guneetakoak biltzen ditu.

Bigarren hitzaldia, “ITEMdesignworks, produktuen garapenari buruzko gure ulerkera”, Javier Cuñado Landak emango du 17:00etan. Zehazki, ITEMdesignworks berak zuzentzen duen enpresaren proiektu nagusiak azalduko ditu. ITEMdesignworks diseinu industrialaren arloko aholkularitza-enpresa bat da, esperientzia handia du zenbait sektoretako (garraio publikoa, automobilgintza, etxetresna elektrikoak eta abar) proiektuak garatzen, eta Getxon (Bizkaian) du egoitza.

Materialak eta protesiak

Hirugarren hitzaldia, “Materialetan aditua” izenekoa, Bartzelonako Materfad materialen zentroko Robert Thompsonek emango du 18:00etan, eta materiari eta haren adierazpen askotarikoei buruz ariko da. Izan ere, material biologikoen, mineralen, metalurgikoen, plastikoen, zeramikoen, konposatuen eta nanoegituratuen arloko berritasunak azalduko ditu bere enpresaren esperientziaren ikuspegitik. Material berrien ikerketan eta zaintza teknologikoan espezializatuta dago Materfad, eta aholkularitza eta trebakuntza ematen die enpresei, profesionalei, unibertsitateei eta zentro teknologikoei.

Azkenik, “Masa-kustomizazioa: estigmatik estilora” hitzaldia emango du Jerónimo Carrera Gómez UNYQ enpresako diseinatzaileak 18.45ean. UNYQ anputazioren bat dutenentzako protesi-enpresa bat da, eta Sevillan eta San Frantziskon (Estatu Batuak) ditu bulegoak. Enpresa horrek iraultza ekarri du protesien eta ortesien sektorera, mundu osoko erabiltzaileentzako produktu pertsonalizatuak eginez, digitalizazioari, diseinuari eta 3Dko inprimaketari esker, eta pertsonen bizimodua hobetzea du helburu.

Ikasleentzako lantegiak

Hitzaldiekin batera, bi lantegi antolatu dira Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritzako Gradua egiten ari diren ikasleentzat. NUPeko gradu hori Tuterako campusean ematen da. Bi lantegien gaia errotazio-moldaketa deritzon teknika industriala izango da. Teknika horrekin forma huts eta arinak (sarritan, argiztatzeko erabil daitezke) sortzen dira, material gutxiago erabiliz, eta orotariko ontziak eta piezak garatzen dira, ale gutxiko tiradekin eta artisau eran.

Otsailaren 20an eta 21ean, “Produktuen diseinua errotazio-moldaketaz” izeneko lantegia egingo da, eta errotazio-moldaketaren bidez biraketa-piezak eta -bolumenak nola diseinatzen eta garatzen diren azalduko da. Alejandro Benavent Miralles diseinatzaile industrialak etaValentziako d(x)i magazine aldizkariaren zuzendariak gidatuko du lantegia.

Aditu hori bera arduratuko da “Produktuen ekoizpena errotazio-moldaketaz” lantegiaz hiru saiotan (otsailaren 22an, 23an eta24an). Laguntzaile izango du Ángel Jaraba Rubio, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) Tuterako campuseko teknikaria. Lantegian parte hartzen dutenek pieza edo bolumen bat (edo argiztatzeko elementu bat, bilgarri edo ontzi bat) diseinatuko dute, eta ikasiko dute errotazio-moldaketako makina batek diseinuak fabrikatzeko nola funtzionatzen duen eta pieza horiek egiteko materialak nola manipulatzen diren.