Aizkorrimendi elkarteak bi irteera egingo ditu bihar

Goizean Goierriko herrietan egingo dute ibilbidea eta arratsaldean Arangoiti bisitatuko dute

Sábado, 11 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 06:12h

beasain- Beasaingo Aizkorrimendi mendizale elkarteak irteera bikoitza antolatu du biharko. Lehenengoa bihar goizean izango da eta modu honetan aurtengo egutegiko beste irteera bat osatuko du taldeak. Oraingo honetan, Goierriko hainbat herriren inguruan emango dute itzulia bertako paisajeak ezagutzeko aukera izanez. Hau da egingo duten ibilbidea: Beasain-Lazkaomendi-Ataun- Beasain. Goizeko 8.00etan abiatuko dira Bideluze plazatik. Nahiz eta Aizkorrimendi elkarteak irteera asko egiten dituen eskolarteko umeekin, hau ez da kasu horietako bat. Hala ere, nahi duen orok apuntatzeko aukera duela nabarmendu dute antolatzaileek.

Arratsaldean, berriz, urteroko legez, Beasaingo Arangoiti zaharren egoitzara bisita egingo dute. Arratsaldeko 16.30ean irtengo dira elkartetik eta oraingoan konpainia izango dute. Txistulari eta Aurtzaka dantza taldeko dantzariez lagunduta joango dira kideak, eta kalejiran igoko dira Arangoiti egoitzara. Bertan, umeen dantza batzuk ikusteko aukera izango da, eta ondoren askari txiki bat egingo dute bertako egoiliarrekin. Aizkorrimendi elkartekoek ekintza honetan parte hartzeko gonbitea zabaldu nahi dute eta jendarteari helarazi momentu on bat pasatzeko aukera ezin hobea dela.

Beasaingo mendizale elkartekoek igandero egiten dituzte mendi ibilaldiak eta inguruko herrietako zonaldeak ezagutzeko aukera paregabea izaten da. Eskolarteko haurrekin ere antolatzen dituzte irteerak, eta harrera “oso ona” izan ohi dute. - M.A.