Musika Eskolak euskal inateurien kalejira egingo du

Otsailaren 24ean, 18.30etik aurrera, egingo dute kalejira, Zumaiako zazpi txokotan ikuskizunak eskainiz

Sábado, 11 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 06:12h

Zumaia- Zumaiako Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak kalejira egingo du Inauterietan. Hilaren 24ean izango da eta 18.30ean aterako da Ubillosetik. Hamargarren urtez egingo dute, eta Akelarrea, euskal piratak edota superheroiak bezalako gaiak landu ondoren, aurten Euskal Inauteriak izango da gaia.

Aurreko urteetan ikuskizun bat eskaini izan dute, baina oraingoan, zazpi ekitaldi egingo dituzte zazpi gunetan (Ubillos, Udaletxe parea, Sanjuaniturri, kofradia, Erribera eta Beheko Plazan, bi gune). Izan ere, Euskal Herriko zazpi probintziatan oinarritu dira, eta gune bakoitzean probintzia bakoitzari dagokion ikuskizuna egingo dute, musika, an-tzerkia eta dantza uztartuz.

Musika Eskolako zuzendaria den Sofia Oriak azaldu duenez, ekitaldian parte hartuko dutenak hauek izango dira: Udal Musika Banda, Inazio Tolosa eta Esti Curielen eskutik antzerki ikasleak, baita Goizeder Iturain eta Telmo Irureta aktoreak ere, bertso eskola, Musika Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak, eta txalaparta jotzen Ander Hormazuri eta Juan Luis Blanco arituko dira. Baina horiez gain, nahi duen herritar orok parte hartu ahal izango du ekitaldian.

Bestalde, jantzi tailerrak egingo dituzte dantza ikasleentzako (hilaren 13 eta 15ean), eta herritarrentzat (14, 16 eta 23an 17.30etik 19.00etara musika eskolan). Kalejirako entseguak, berriz, 21 eta 22an egingo dira, 17.30ean Torreberrin, eta edozein herritarrek parte hartu ahal izango dute.

“10 urte hauetako balorazio oso positiboa egiten dugu. Lan asko eskatzen du baina umeek nola bizi-tzen duten ikustea izugarria da. Ohitura bat sortzen ari da;are gehiago, beraiek ez dute imajinatzen Inauteririk Musika Eskolako ekitaldirik gabe, eta horrek izugarri motibatzen gaitu guri ere”, dio Oriak amaitzeko. - A.R.