Etika, legea, zinismoa eta beste

Por Anjel. Lertxundi - Domingo, 12 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 06:07h

Demokraziaren muin-muinetan azidorik korrosiboena botatzea bezalakoa izan da François Fillonek, Frantziako presidente-tzarako hautagaiak, esan berri duena bere emaztearen eta bi semeen kontratazio guztiz irregularrak zuritu nahian: “Nire jokabidea ez da etikoa izan, baina bai legezkoa”. Kontzientzia eta legaltasuna kontrajarri ditu. Idatzi gabeko kode amankomuna -Sofoklesek “jainkoen idatzi gabeko legea” deitzen zuena- eta gizakiok gizakiokin bizi ahal izateko adostutako araudia kontrajarri ditu, lege idatzia urratu ez izanarekin estali nahian kon-tzien-tziaren exijentzia. Sofoklesek Antigonan planteatutako bidetik, galdera da: bien arteko talka sortzen denean zer da lehenetsi behar dudana? Gizalegearen espiritua ala legea? (Bide batez: komenigarria da argitzea euskaldunok zer ulertzen dugun gizalege kontzeptuarekin. Kon-tzientziaren sinonimoa da, besterik gabe? Gaztelaniazko “ley humana” kontzeptuaren berdina da gure gizalegea? Gizalegea beti gauza bera da? Modu askotara balia-tzen baitugu gizalege hitza, eta ez beti bide zuzenetik, on egingo liguke, zuzenbidean eta debate politikoan behintzat, kontzeptua zehazteak).

Politika eta etika bi eremu desberdinetako jarduerak dira. Izatez ez dira kontrajarriak, ez dira elkarren etsai. Esan liteke biak direla elkarrekin, baina beren praktikak autonomoak baitira, bizitzako hainbat momentu dilema moralen plaza bilaka daitezke, eta errealitateak, ertz asko baititu, maiz jartzen gaitu lege hutsa baino haragoko eremu batean: etikarenean. Horregatik, Fillonek legea bete zuela benetakotzat emanda ere: haren kon-tzientziak zer dio bere praktikaz, haren emazteak eta semeek egin ez dituzten lanengatik kobratzeak? Haren kontzien-tziak zer nolako trenpu etikoa du kontingentzia larrietarako, bidegurutzeko erabakietarako, etikaren premia ezinbestekoa den trantze historikoetarako? Espero dezagun frantsesek ikusiko zutela noraino irits daitezkeen Fillonekin.

Destinoak ekarri zuen Fillonek esandakoak esan eta handik bi egunetara, haren hitzek eragindako eskandaluaren gordinenean, Tzvetan Todorov hiltzea. Besteak beste, demokraziaren-tzat hain oinarrizkoa den gizalegearen eta legearen arteko dialektikari eskaini zion filosofoak bere jardun intelektuala. Filosofiaren praktika ez zuen laboratorio batean ikusten, plaza publikoan baizik, debate errealen beroan, eta imajinatzen dut Filloni buruz idatzi behar izan balu Sofoklesen Antigona hartuko zuela, beste hainbestetan bezala, hizpide. Imajinatzen dut, halaber, bere buruaz ere mintzatuko zela esanez zergatik hautatu zuen Fran-tzia etxe-tzat eta demokrazia herritar izateko maneratzat Bulgaria komunista abandonatu zuenean. Imajinatzen dut, Fillonen desmasia zinikoa baliatuko zuela, beste askotan hainbat politikariren baldarkeria bezala, demokraziaren ospe onaren zikintzeak dakarren arriskuaz mintza-tzeko;imajinatzen dut Fillonen hitz fortuna gabeen egokiera baliatuko zuela politikagintzaren prestigio faltaz eta lider egokien premiaz jarduteko;pentsatzen dut politikarien erantzukizuna azpimarratuko zuela demokraziari zaion gero eta fede urriagoan eta dezepzio handiagoan;eta seguru nago, halaber, berriro abisatuko zigula guztioi, hain berea zuen trenpu didaktikoarekin abisatu ere, herritarron parte hartze politikoaren abandonuak irtenbiderik gabeko etorkizunerantz daramatzala bai demokrazia eta bai Europa bera ere. Eta seguru bere jardunean aipatuko zuela Trump ere, edo, zehazkiago, Europak ez markatu izana zein den inondik ere onartuko ez duen jardun politikoaren eta giza eskubideen muga-urraketa.

Baina itzul nadin gizalegera, gizarteak bere buruari mendez mende eta bizipenez bizipen ezarritako araudi idatzi gabera. Sofoklesen Antigonako Kreonte tiranoak Polinize, Antigonaren neba, hilobiratzea debekatzen du bere kontrako gerran hil delako. Antigonak, ordea, nahiago du “Jainkoen lege idatzi gabeak” errespeta-tzea eta neba lurperatzea Kreonteren legea urratzea, baita tiranoak hilko badu ere. Tzvetan Todorovek dilema horixe aztertu zuen Insumisos liburuan (Galaxia Guttenberg), baina gure garaiko hainbat pertsona ezagunen ikuspegitik. Nola uztartu zituzten exijentzia morala eta egintza publikoa Boris Pasternakek edo Aleksandr Solzhenitsinynek Errusia komunistan, nola Nelson Mandelak Hegoafrikako apartheid garaietan, nola Etty Hillesumek nazien garaian, berriki nola kudeatu du Edward Snowdenek etikaren eta legearen arteko talka Pentagonoko agiri sekretuen aferan?

Todoroven Insumisos eta Los abusos de la memoria liburuak ez dira gomendio txarrak bizitzen ari garen garaiotarako.

* Idazle