Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Gezur hezurretik

Sekretu unibertsalak

Por Aitzol Elizaran - Domingo, 12 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 06:07h

Galería Noticia

Bizitzan badira sekretu unibertsal ba-tzuk, edo gorde beharreko hainbat gai.Hainbat arrazoi direla medio, datu batzuk guretzat gorde edo soilik gure konfiantza osoko eta inguru hurbilenekoekin konpartitzeko joera dugu, ardoaren berriketarako joerak eragin arte behintzat. Funtsaren funtsean, helburua jendearen aurrean erabat ahul, mauka azpiko kartarik gabe ez gelditzea da, nolabait parekoak ez dezala zure inguruko informazio guztia izan, zirrikiturik ez dezala izan zure intimitatea zauritzeko.

Maiz gordetzen den datu horietako bat soldatarena izaten da, artzainak haren artaldeko buruak sekula aitortuko ez dituen bezala. Langileak jeloskor ezkutatu ohi du hilabete bukaeran jasotzen duena, eta, horretarako, hilero desberdin kobratzen duenaren aitzakia erabil dezake, edo azkenaldian ogasun asuntoren bat medio aldatu eta gogoratzen ez denarena ere suerta daiteke, baina zifra zehatza inoiz onartu gabe

Bozka intentzioa edo bozkaren helburua ere ez da erraz askatzen den informazioa izaten. Norbaiti behin azaldu zioten sekretua zela, eta ordutik hona nork bere baitan gordetzeko joera dago. Hemen bi faktorek eragin dezakete, bata, noski, inork ez duela zertan jakin behar, ez eta azalpenik eman behar bere ideia politikoen inguruan, eta bestea, zenbaiti lotsa emango diela, tabernan bozgorailuz defendatu dituenak hautetsontzian zapuzteak. Eta bestela norbaitek azal diezazkidala hainbat eta hainbat hauteskunderen emaitzak.

Beste alde batetik, bakoitzak erositako gauzen prezioak ere ondo gordetzeko ohitura daukagu, batez ere gauza garesti xamarrak badira. Adibidez, lagunak auto berri bat erosi du, ziur aski ez diogu zuzenean prezioa galdetuko, nahiz eta zenbat ordaindu duen jakin nahiko genukeen, izaki kuriosoak garenez, baina kasualitatez gaia atera, eta prezioa esan beharko balu erosleak, zifra borobildu bat emango luke, beherantz ziurrenik, sekulako pagotxa dela azaldu ondoren, jendeak ez dezan pentsa dirua txorakerietan xahutzen duenik. Antzeko kasuak gerta daitezke Jonek bizikleta berria erosi duenean, edo Mirenek banketxearekin erdibana pisu bat erostea erabakitzen duenean. Eta pisua aipatuta, ezin ahaztu pisua, baina kilotan duguna, onar-tzeko lotsa hori. Bi kiloko aldea izanda jendeak hobeto edo okerrago hartuko bagintu bezala. Nik X kilo, baina atzotik ez naiz komunetik pasa, aitzakia etengabe bilatuz.

Azken finean hor dago koska, behin eta berriz gure burua justifikatu behar dugu besteen aurrean, azalpenak eman, dirua honetan eta ez beste honetan utzi dugula, edo erabaki hau hartu dudala beste honen partez, beti besteen onespena bilatuz. Bakoitzak ikusi beharko du zer egin eta zer ez. Mila euroko ordulari bat erosteko gogoa baduzu, edo Le Pen-i zure bozka ematea erabaki baduzu, zure arrazoiak medio, zuk ikusi, baina hori bai, etengabe zure burua zuritzen aritu behar baduzu, barruan zerbait lasaiegi ez duzunaren seinale.