Erripan gora

Unzutik Untzura

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 12 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 06:07h

Galería Noticia

Merkatarien karrikako denda berritu eta handitu baino lehen, Unzu zaharrean ederki zekiten nola erakarri bezeroak haurren bidez. Jabeak paperezko ebakinak ematen baitzizkien dendara sartzen ziren mutiko-neskatoei, edota bertzenaz, gurasoei. Gero, dena goitik behera berritutakoan, haur saldo handiak ere sartzen ziren dendan, eskailera automatikoek erakarrita, han gora eta behera ibiltzeko. Adineko jendeak mesfidati begiratzen zion tramankulu mugikor berriari eta bi aldiz pentsatzen zuen, han oina paratu aurretik. Gero, horrelako eskailerak noranahi zabaldu ziren.

Krisia ate joka hasi baino lehen itxi zen, inguruko denden atsekaberako, astez jende aunitz ibiltzen baitzen kale haietan Unzuren arrimuan. Handik hilabete batzuetara, gainera, are gehiago urritu zen eguneroko jende emaria, ipar harresietako bi igogailuak goiti eta beheiti hastearekin batera;eta gaur egun, Eslava - San Migel ardatza da hiriko jendetsuenetakoa. Hala ere, leku ezin egokiagoan dago Unzu. Hori bazekiten bai, denda itxi berritan, eraikina erosi nahi izan zuten jende euskaltzaleek, euskal kulturaren gune handi eta eder bat moldatzeko asmoz. Sos alde izugarria paratu zuten mahai gainean. Jabeek, ordea, diru horri gutxisko iritzita, ezetz erran zieten, erosleak montioka hurbilduko zitzaizkielakoan. Hurreratu, ordea, krisiaren ataka gaiztoa hurreratu zen, eta hamar urte joan dira.

Unzukoak huts eginda, euskal kulturari loturiko taldeak bigarren aldiz saiatu ziren, Alde Zaharretik atera gabe, harresiaren ondoan, Iruñeko lehen jendea finkatu zen muinoan, sekulako ikuspegiak dituen toki batean. Baina, bistan denez, moja adoratrizek bertze batzuen eskaintza onartu, eta Artxibo Nagusiaren ondoko komentua hotel bihurtu zen. Orain, berriz ere hotsak dabiltza. Ez dago Alde Zaharrean, baina zer moduz Perkain frontoi zaharra?