Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Ospitaleratutako 75 eta 103 urte bitarteko pertsonak narriadura ariketa fisikoaren bitartez prebenitzeko programa aitzindari batean parte hartzen ari dira

NAVARRA.ES - Lunes, 13 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 20:24h

75 eta 103 urte bitarteko 300 pertsonak hartu du parte orain arte, ospitaleratuta dauden adineko pertsonengan narriadura funtzionala eta kognitiboa prebenitzeko programa aitzindari horretan;bi urte daramatza hori garatzen Nafarroako Ospitaletegiko Geriatria Zerbitzuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Navarrabiomed plataformako Geriatriako ikerketa-taldeko profesionalekin elkarlanean.

Oraindik behin betiko emaitzarik ez dagoen arren –sei hilabete barru egongo dira prest–, azterketa kliniko hori erakusten ari da kontrolatutako ariketak egiteak gaixo dauden adineko pertsonengan % 50etik gora murrizten duela adin horietan ospitalizazioak dakarren inpaktu gogorrari lotutako ezgaitasuna eta narriadura kognitiboa sufritzeko arriskua.

Halaxe jakinarazi du gaur prebentziozko programa hori garatzen duen lantaldeak;honako profesionalek osatzen dute, hain zuzen ere, lantalde hori: Nicolas Martinez Velilla, Nafarroako Ospitaletegiko Geriatria Zerbitzuko burua;Sergio Ladron Arana, Geriatria Unitateko burua;Alvaro Casas Herrero fakultatiboa, Geriatria Medikuntzako Espainiako Elkarteko lehendakaria;Mikel Izquierdo, Fisioterapiako katedratikoa NUPan;Fabricio Zambon Ferraresi, Heziketa Fisikoan lizentziaduna eta Osasun Zientzietan doktorea;eta Mikel Lopez Saez de Asteasu, fisioterapeuta.

Entsegu kliniko horren helburu nagusia da egiaztatzea posible ote den osagai anitzeko entrenamenduaren bitartez Geriatria Zerbitzuan ospitaleratuta dauden pertsonengan onurak lortzea;horrek ateak irekiko lizkioke laguntza mota hori ospitaleko eguneroko jardunean ezartzeari. Adineko pertsona baten ospitalizazioak arriskuak ekar ditzakeen arren, ospitaleratze-aldi hori bere bizi-ibilbidea aldatzeko eta haren ahultasunaren handitzea prebenitzeko jarraibideak ezartzeko aukeratzat jotzen da, diziplina anitzeko eta profesional askoren esku-hartzearen bitartez. Adineko pertsonek ariketa fisikoa egitearen onurak laguntza-esparru guztietara eramateko abiapuntu izan nahi du azterketa honek.