Koko-dantzek inauteriak abiatuko dituzte Eibarren

Kezka taldeko lagunak dantzan eta eskean ibiliko dira larunbat osoan zehar

Jabi Leon - 2017(e)ko otsailaren 16a, osteguna - 06:10etan eguneratua

Kezka taldeko lagunak joan den urteko koko-dantzetan.

Kezka taldeko lagunak joan den urteko koko-dantzetan. (Felipe Loiola)

Galería Noticia

Kezka taldeko lagunak joan den urteko koko-dantzetan.

eibar- Eibarko herriak Inauteriak gainean direla iragartzeko Koko-dan-tzak hartuko ditu larunbatean. Kezka dantza taldeak 2008an berreskuratu zuen maskarada-festaren aurtengo edizioa erdigunean eta Gorosta eta Mandiola nekazal auzoetan burutuko da. Esan beharrik ez dago herritar guztiak gonbidatuta daudela koko-dantzan eta koko-eskean aritzera.

Kezka taldeko lagunek jakinarazi dutenez, “Eibarren 100 baserritik gora dira, eta lau urtetan antolatuta, ziklo olinpikoak behar izaten ditugu baserri berdinera itzultzeko”. Hirugarren koko-zikloan sartuta, Gorosta eta Mandiolako baserriak hartzen dituen ibilbidea egingo dute aurten.

Koko-dantzariek merkatu plazan egingo dute larunbateko lehen agerraldia (8.30ean) eta horren ondoren bi taldetan banatuko dira. Talde bat Azitaingo industrialdera hurbildu eta bertatik Eskaregi, Agirreazpikoa, Azaldegigainekoa, Nagiorbe, Boneta, Sagarbieta, Azpiri, Mandiolagainekoa eta Mandiolazpikoa baserriak bisitatuko ditu. Bigarren taldea, berriz, Asua, Gisasola, Ixua, Usartza, Akondia, Berretxinagoikoa, Iturragoikoa, Iturrabehekoa eta Arlaban baserrietara gerturatuko da.

Nekazal eremuan aritu ondoren, koko-dantzak erdigunera bueltatuko dira iluntzean. Koko-dantzariak eta koko-marruak Anbulategiko parkean elkartuko dira 19.00etan eta hortik aurrera dantzan eta eskean arituko dira herritarren eta Elgoibarko Mauxitxa txarangaren laguntzarekin. Maskarada-festa Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Kalbeton eta Plaza Barrian irudikatuko da.

Argazki lehiaketaArrate Kultur elkarteak, zaletu guztien partaidetzari irekitako XX. Eguen Zuri argazki lehiaketa antolatu du inauterien bueltan. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez 4 argazki aurkeztu ahal izango ditu (koloretan nahiz zuri beltzean) eta lanak martxoaren 29ra arte aurkeztu ahalko dira Arrate kultur elkartean edota Kultu tabernan.

Sariak (160, 100 eta 60 eurokoak) apirilaren 12an banatuko dira, “Topalekuan egingo den erakusketaren irekierarekin batera”.