Gaur abiatuko da, Tafallan, Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Gaurko zein biharko Auritzeko final-laurdenetarako sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke

Sábado, 18 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 06:08h

iruñea- Saio bikoitzarekin hasiko da asteburu honetan Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 43. edizioa. Larunbatean Tafallan jokatuko da lehen final-laurdena eta igandean, Auritzen.

Gaur, 17:30ean hasita, Tafallako Kulturgunean sei bertsolarik hartuko dute parte: Julio Soto, Kotte Plaza, Iñigo Olaetxea, Iban Garro, Mikel Lasarte eta Sahats Aleman. Alaitz Rekondok egingo ditu aurkezle eta gai-jartzaile lanak. Tafallako Udalak lagundu du saioa antolatzen.

Asteburuko bigarren final-laurdena bihar izanen da, Auritzeko Kultur Etxean, 17:30ean. Xabier Terreros, Saioa Alkaiza, Alazne Untxalo, Patxi Castillo, Ioar Tainta eta Joana Ziganda igoko dira oholtzara. Iker Mundiñano izanen da aurkezle eta gai- jartzailea. Auritzeko Udalaren eta Erroibarko Bertso Eskolen laguntza izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak saioa antola-tzeko.

Saio bakoitzeko lehen bi sailkatuak finalaurrekoetara pasako dira zuzenean. Gainerakoek, lehen fasea bukatu arte itxaron beharko dute, sailkapenaren arabera pasatzen diren edo ez jakiteko. 18 dira finalaurrekoetara sailkatuko diren bertsolariak, 30etik.

Sei euroko salneurria dute bi saioetarako sarrera arruntek, lau eurokoa Bertsozale Elkarteko bazkideen eta 16 urtetik beherakoen kasuan. www.bertsosarrerak.eusatarian eskuratu daitezke sarrerak, eta baita Tafallako Kulturgunean eta Auritzeko euskara zerbitzuan ere. Saioen egunean, gainera, 16:00etan irekiko dira bi aretoetako leihatilak, eta han ere eskuratu ahal izanen dira sarrerak.

Osotara, bost final-laurdenek, hiru finalaurrekok eta finalak osatuko dute inoizko parte hartzerik handiena duen txapelketa. Apirilaren 8an izango da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. - M.M.P.