Ijitoen eguna ospatuko dute gaur Itsasondon

2005. URTEAN HASI ZIREN KALDEREROAK OSPATZEN, | Sorginemak emakumeen elkarteak antolatuta

Sábado, 18 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 06:11h

itsasondo- Urtero legez, ijituek edo kaldereroek hartzen dituzte Itsasondoko kaleak, zartaginak eskuan hartuta dituztela, inauteriak badatozela iragartzeko. Aurten ere, Itsasondoko guraso elkarteak gaur ospatuko den Ijito egunerako dena prest du eta herritar guztiak animatu nahi ditu mozorroak atera eta zartagiak astin-tzera, jaiak elkarrekin ospatzeko asmoarekin.

Lehenik eta behin, herriko plazan elkartuko dira 16.30ean, eta ondoren ijitu besoa prestatuko dute Bizi Nahi elkartean. Egun honetan duten ohituretako bat da hori, eta arrakasta handiko ekintza izaten da herrian. Aurreko urteetan, adibidez, sei eta bederatzi metroko ijito besoak egin zituzten. Aurtengoak zenbateko luzera izango duen oraindik sorpresa da, baina ziur aurreko urteetako tamainatik gertu ibiliko direla.

Gero, arratsaldeko 18.00ak aldera, herriko kaleetan zehar, zartaginak astinduko dituzte jai giroan eta, festarekin amai-tzeko, afari-merienda egingo dute.

Itsasondoko Ijito egunaren ospakizunak badu bidea. 2005. urtean egin zuten lehenengo aldiz, Itsasondo Sorginemak emakumeen elkarteak antolatuta. Urte hartan, udaletxeko karromato bat hartu zuten, ijitoz mozorrotu ziren, zartaginak hartu zituzten eta arkupetan ibili ziren musikarekin eta instrumentu inprobisatuekin zarata ateratzen. Harrezkero, ospakizuna handitzen joan da urtez urte eta, dirudienez, hala jarraituko du luzaroan. - M.A.