Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
NUP-eko ikerlariak

Mahastien egoera hidrikoari buruzko informazioa ematen duten bi sentsore mota diseinatu dituzte

unavarra.es - 2017(e)ko otsailaren 20a, astelehena - 13:52etan eguneratua

Proiektuan parte hartu duten ikertzaile batzuk. Ezkerretik eskuinera: Ramón Gonzalo, Gonzaga Santesteban, Carlos A. de la Cruz eta Cristina Gómez Polo.

Proiektuan parte hartu duten ikertzaile batzuk. Ezkerretik eskuinera: Ramón Gonzalo, Gonzaga Santesteban, Carlos A. de la Cruz eta Cristina Gómez Polo. (CEDIDA)

Galería Noticia

Proiektuan parte hartu duten ikertzaile batzuk. Ezkerretik eskuinera: Ramón Gonzalo, Gonzaga Santesteban, Carlos A. de la Cruz eta Cristina Gómez Polo.

PAMPLONA. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait ikertzailek bi sentsore mota diseinatu dituzte. Haien teknologiek mahastien egoera hidrikoari buruzko informazioa ematen dute, metodo berritzaileak erabiliz.

Europako VITICS proiektuaren barruan garatu dituzte sentsoreak. Proiektu hori Eskualde Garapeneko Europako Funtsak eta Foru Gobernuak finantzatu dute, eta ia 564.000 €-ko aurrekontua izan du guztira. NUPeko diziplina anitzeko talde batek, lau ikerketa-taldek osatutakoak, garatu du lana, Nafarroako Bodegas Ochoa (Erriberri), Enonatura (Villatuerta) eta Cima-NTI (Uharte) enpresekin lankidetzan.

Kontakturik gabe neurtzea

Sentsoreetako batek landarearekin kontakturik izan gabe ematen du informazioa, eta terahertzetan jasotzen du. Terahertzen heina espektro elektromagnetikoaren heinetako bat da, eta mikrouhinen (sakelakoak eta telebistak funtzionatzeko behar dituzten uhinak) eta uhin infragorrien artean dago. “Gailuek seinale bat igortzen dute terahertzetan, eta mahastiaren enborrak seinalearen zein proportzio itzultzen duen neurtzen dute –azaldu du Gonzaga Santesteban García NUPeko Nekazaritzako Ekoizpeneko Saileko irakasle eta ikerketa-proiektuaren buruak–. Erreflektantzia-teknologia da hori, landarearekin kontakturik izan gabe neurtzen duen teknologia.

Hala, landarearen egoera hidrikoa egiaztatzen da. Orain arte, teknika hori ez da baliatu guk aukeratu dugun erabilerarako”. Gailuen garapenaren emaitzak “Frontiers in Plant Science” eta “Journal of Infrared, Millimeter and Terahertz Waves” aldizkarietan argitaratu dituzte. Ikertzaileek sentsorearen diseinua sinplifikatu dute, ez baitu banda-zabalera handia behar eta teknologia laua baitu. Horrek aukera ematen du diseinua dezente miniaturizatzeko eta, hala, unitate bakoitzaren kostua franko murrizteko, txipetako asko merke eskuratu baitaitezke.

Enborraren tamaina-aldaketak neurtzea

Beste sentsorea, aldiz, guztiz bestelako printzipio batean oinarritzen da: mahasti-enborraren edo -aihenen tamainan egunez eta gauez izaten diren aldaketak detektatzen ditu sentsore magnetoelastikoen bidez, hau da, mahastia nola hazten den adierazten du. Gonzaga Santestebanek azaldu du sentsore mota horrek bi abantaila dituela upategi batzuek erabiltzen duten dendrometro klasikoen aldean. “Batetik, teknologia berriak kostuak murrizteko bidea ematen du, eta, bestetik, sentsorearen malgutasuna hobetu dugu, eta, beraz, orain arte bezala gailua enborrean kokatzeko aukeraz gainera, mahastiaren beste atal batzuetan ere, adibidez, mahats-mordoan, jartzeko aukera dago”.

Gailu horren garapenaren emaitza batzuk “IEEE Transactions on Magnetics” aldizkarian ere argitaratu dituzte. Proiektuan, NUPeko lau ikerketa-talde hauek parte hartu dute: Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuak (proiektua koordinatu dute);Antenak;Materialen Propietate Fisikoak eta Aplikazioak;eta Komunikazioa, Seinaleak eta Mikrouhinak.