Itsaso Gómez eta Manu Marías Urnietako Egape ikastolako zuzendariak

“Hasierako Egape ikastolako sortzaileek zuten ilusioarekin jarraitzen dugu gaur egun”

Ikasturte honetan Urnietako Egape ikastolak bere 50. urteurrena ospatzen du. Gaur egun 600 ikasle jasotzen ditu eta mende erdi honetan milaka herritar pasa dira bere ikasgeletatik. Beraz, herriko bizitzan zeharo errotuta dago.

Aitziber Muga Antton Jauregi - 2017(e)ko otsailaren 23a, osteguna - 06:11etan eguneratua

Itsaso Gómez eta Manu Marías, Urnietako Egape ikastolako zuzendariak.

Itsaso Gómez eta Manu Marías, Urnietako Egape ikastolako zuzendariak.

Galería Noticia

Itsaso Gómez eta Manu Marías, Urnietako Egape ikastolako zuzendariak.

Urnieta- Egapek bere urteurrena ospatzeko hainbat ekimen eta ekitaldi antolatu ditu;azkenak urte amaieran banatu zen aldizkariaren aurkezpena eta Lekaion zabaldu den argazki erakusketa. Ekitaldi honek izugarrizko arrakasta lortu du. Asteartean ixtea aurreikusita zegoen arren, bihar arte luzatzea erabaki da. “Ia mila argazki daude eta jendeari asko gustatzen zaio bere burua ikustea. Erakusketa luzatzea eskatu zuten eta Udalak onartu du”, adierazi du Itsaso Gomezek, Haur eta Lehen Hezkuntzako zuzendariak. Berak eta Manu Mariasek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zuzendariak, ikastolaren bilakaerari errepasoa egin eta etorkizuneko erronkak aurkeztu dituzte.

Zein egoera bizi zuen Urnietak duela 50 urte Egape sortzeko?

-Hasierako sortzaileei entzunda, garai horretan Urnietan, beste leku batzuetan bezala, mugimendu kultural garrantzitsu bat eman zen euskararen alde. Hemen izan genituen Xabier Lete eta Lourdes Iriondo eta beraiek parte hartu zuten Ez Dok Amairu taldean. Bestalde, Urnietan talde kementsu bat zegoen eta mobilizatu ziren euskal hezkuntza eredu baten alde. Horiek martxan jarri zituzten gaur egungo Egaperen zutabeak. Izen propio asko daude sortzaileen artean, baina laguntzaile anonimo asko ere egon zen.

Haur eta gaztetxoei euskara irakasteko beharra ikusi zen.

-Bai. Garai horretan ikusten zen hezkuntza sistema ez zegoela herritarrei bideratuta. Ikusi zen euskal kultura berpizteko beharrezkoa zela euskara berreskuratzea eta garaiko hezkuntza sistemak ez zion behar honi erantzuten. Baina, hau Euskal Herriko herritar askoren uztea zen, garai horretan herri askotan ikastola desberdinak sortu ziren.

Zein bilakaera izan du Egapek bere historia luzean?

-Oso garrantzitsua izan zen hasieran Egapek jaso zuen elizaren babesa, lehenengo gelak eliz instalazioetan kokaturik zeuden. Apaizak bat egin zuen guraso haien aldarrikapenarekin. Ikasleen gorakadarekin eta hezkuntza sistemaren ofizialtasunarekin batera, Egape hezkuntza-kooperatiba bezala funtzionatzen hasi zen herrigintzari eta auzolanari esker, eta Egape gaur egungo instalazioetara pasa zen. Azkeneko pausoa, azkeneko 25 urtetan eman dena, ikastolaren publifikazio prozesua izan da. Gaur egun Egape eskola publikoa da.

Eta zein da 50 urteren ostean, ikastolaren gaur egungo egoera?

-Gaur egun ikastolak bere bi etapetan (Haur eta Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza) eskaintzen duen proiektu hezigarria bi eta hamasei urte bitarteko ikasleei eta hauen familiei zuzenduta dago. Proiektu hau euskalduna, eleanitza, integratzailea, irekia, parte-hartzailea, baloreetan oinarritua eta errespetutsua sinismen eta ideologia guztiekin da. Bera ia 600 ikaslerengana eta hauen familiengana iristen da.

Zein erronketan zaudete gaur egun murgilduta?

-Azken urteetan gure ikastolak ahalegin handiak egin ditu hezkuntza legerian emandako aldaketei eta egungo gizarteak eskatzen dionari erantzuteko. Esaten dutenez, gaur egungo haurrek lan egingo duten lanpostuak oraindik ez dira asmatu eta etorkizuneko gizarterako prestatu behar ditugu. Ahalegin horiek ikasgelan erabiltzen den metodologiaren berriztapena, adibidez teknologia berriei dagokienez, ekarri dute, horretarako irakasleen formazioa beharrezkoa eginez. Modu honetan, Egape, ikasten eta irakasten duen ikastetxe bilakatu da. Izan ere, hasierako sortzaileek zuten ilusioarekin jarraitzen dugu.

Ikastolaren ezaugarrietako bat sarean lan egiteari ematen diozuen garrantzia da.

-Bai. Egapen garbi dugu bere ahaleginetan arrakasta izateko sarean lan egin behar dela. Gure esperientziak horrela egiaztatzen du. Oso aberasgarria da irakasleok talde lanean jokatzea, berdinen artean ikastea, baita gure ikasleengandik ere. Gainera, gurasoen elkarteekin eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen ditugu, herritarrei ikastolako instalazioen ateak irekitzen dizkiegu eta erakundeekin elkarlanean jarduten gara eta honela jarraitu nahi dugu.

Atzo gimnasioaren eta aldagela berrien inaugurazio ofiziala egin zen Udal eta Hezkuntza saileko ordezkariekin batera. Beste eskakizunik al duzue?

-Oso eskertuta gaude instituzioek instalakuntzetan egin dituzten hobekuntzengatik. Baina gure zeregina hobetzen jarraitzea da eta guretzat oso garrantzitsua da DBHko eraikin berria izatea. Esan digutenez, gure ikastetxe berria 2018ko planetan txertatu du Eusko Jaurlaritzak. Eraikin berri horrekin Urnietako hezkuntza-eskaintza publikoa bilduko genuke, kanpus publiko bat sortuz. Hau lortzeko, inplikatuta dauden erakundeekin, orain arte bezala, elkarlanean jarraitu behar dugu.