Hiru eserleku, nobela bat, hiru hizkuntza

Por Anjel Lertxundi - Domingo, 26 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 06:08h

Lehenbizikoz, frantsesez irakurri nuen eta eskolako aulkietan Albert Camusen La peste. Ikasle garaian izan zen. Frantses pixka bat irakasten ziguten, espediente akademikoa betetzeko lain besterik ez, eta klasean irakatsitako apurretik nik ikasitako papurra kenduta, den-dena neukan irabazteko. Eskuan lapitza nuela irakurtzen nuen. Ez nion zaporerik atera-tzen -hiztegian etengabe begiratu beharrak lotzen ninduen-, baina ondo gogoan dut handik urte gutxira Rosa Chacelen gaztelaniazko bertsioarekin gertatutakoa: aulki besodun batean eserita, lodi eta lika sentitu nuen kontakizuneko bero-zapa, pisu eta itogarri kale bihurrietako ustel-usaina eta arratoien presentzia, deseroso Rieux medikuaren egonezin existentziala…

Hirugarren hizkuntza batean ere irakurri nuen -urte dezente geroago, irakasle nin-tzela, oraingoan euskaraz eta etxeko butakan- Camusen nobela ezagunena: euskaraz nola funtzionatzen zuen ikusteko jakin-mina nuen motibo nagusi. Apenas izango zen urte t’erdi Literatura Unibertsaleko liburu-bildumak bidea hasi zuela: literatura unibertsaleko maisu-lanak gurera ekartzeaz gainera, itzulpena garatzea zuen helburu. Izenburutik beretik nagusitu zitzaidan euskarari errepara-tzea: Imanol Tapia itzultzaileak Izurria deitu zion nobelari, eta ez Izurritea. Erabaki zuzena nire ustean, baina ordutik hona egin zaizkion aipamen askotan eta askotan, Izurritea deitu zaio liburuari. Arazo zahar baten ilustrazio egokia da: artean (1992) euskara batua ez zegoen gaur bezain finkatua eta ez genuen guztiz gainetik kendua diziplina-falta. Ordutik hona -hogeita bost urte- batuak bide oparoa egin du, eta bide horretan berebiziko zerikusia izan du itzulpenaren ekarriak. Baina orduan eta gaur, euskarara itzultzen duen batek sekulako erabaki mordoa hartu behar du -eta hartzen du-, hizkuntza normalizatuetara itzultzen dutenek ez bezala. Euskarara itzultzen duenak, jatorriko testuak eragiten dizkion arazoekin nahiko buruhauste ez, eta amen batean hartu behar izaten ditu hizkuntza propioak eragiten dizkionak ere, askotan lehen aldiz sortutakoak, birjinak, aurrez inork planteatu gabeak.

Euskarazko irakurketa hartan ere, lehendabiziko irakurketan bezala, ez zitzaidan, hasieran behintzat, harenganako interes literarioa nagusitu: lexikotik hasi eta Camusen ia idazkera telegrafikoan barrena, euskararen zapore bila nenbilen -itzultzailearen eskutik oparo zetorkidana- eta ez Camusen kezka existentzialen peskizan. Hala ere, laster kontakizunaren ibilia nagusitu zitzaion nire kezka linguistikoek eragindako gurdi-martxari. Hartan bazuten zerikusirik jatorrizko testuaren kontatzeko era zuzen funtzionalak, ikuspuntuaren neutraltasunak, zehaztasunetik ateratako txirbil distira-tsuek, idazleak narrazioko hizkera kontakizunaren zerbitzura jarri izanak;eta Camusen meritu horri erantsi behar zaio Imanol Tapia ez entretenitu izana ere bidetik kanpoko tentaldietan.

Euskal itzulpengintza hasita zegoen bide serioa egiten eta, Literatura Unibertsaleko liburu bat eskuetan hartzen nuen aldiro, orrialde haietako ispiluan begiratu eta kontrastatu nahi izaten nuen nire idazle-lana. Bada, Imanol Tapiaren itzulpenean ere aurkitu nuen bigarren irakurketak, gaztelaniaz egindakoak, idazki bat maisu-lan bihurtzen zidana: plazer estetikoa. Belarri literariorik gabe itzultzaile batek nekez itzuliko ditu bermez eta zorrotz obra literarioak.

Simon Leysek dio (Breviario de saberes inútiles, Acantilado) idazle batzuk itzulerrazak direla -Graham Greene eta Simenon aipatzen ditu berak-, hizkera tramaren zerbitzura jartzen dituztelako, hizkerak tramari inolako enbarazurik egin gabe. Bere gaiengatik eta daukan idazle-sonarengatik Camus beste maila bateko idazlea dela pentsa baliteke ere -hizkera bera kontakizunaren osagai duten Virginia Woolf edo Juan Rulfo bezalako idazle poetikoagoen gisakoa-, Camusen kontakizunek zuzen-zuzen jotzen dute adimenera eta bihotzera, ez dago filigranarik haietan, ikuspuntuaren neutraltasuna gordetzen dute. Gure itzulpengintzan halako testuen aldeko apustu aurreiritzik gabeago batek kalte gutxi, baina ez itzulerrazak direlako Leysek dioen moduan, irakurterrazak direlako baizik. Simon Leysek berak dio “Itzulpen literarioaren eskarmentua” testuko orri batzuk lehenago: “Espresio zailak dira itzultzeko errazenak;itzultzen zailenak, espresio errazak”.

Premiazkotzat ditugu itzulpenak. Datuen arabera, politikoki zuzena da hori esatea;baina datu horiexen arabera, itzulpengin-tza gutxiesten dugu. Itzulpenen garran-tziarena agian itxurakeria hutsa dugu, eta ez itzulpenen kulpaz.

* Idazle