Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Gezur hezurretik

Ezinegonak

Por Aitzol Elizaran - Domingo, 26 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 06:08h

Galería Noticia

Ezin du gehiago, urduri dago, aulkian ezin kabitu, izerdi tantaren bat ere nabari zaio dagoeneko. Denbora dezente darama ezinegonaz, hitzak ahoraino etortzen zaizkio baina ezin askatasunik eman, goian du besoa, ez daki azken pausua eman edo ez, prest egon badago, ondo errepasatu du buruan behin eta berriz. Badirudi baietz, bere txanda iritsi da, badatorkio aukera, ez dadila trabatu, arnasa hartu du eta…

Barkatu, baina nire ustez… Ustez, uste apalean, aburuz, baina bota beharra zeukan. Hortxe dago, betikoa da, beno betikoa ez, baina bai beti egoten dena. Edozein azalpen, hi-tzaldi, mahai inguru edo solasalditan egoten den hizlari nekaezina. Esan behar duen hori gustokoa baduzu, agian arin joango da haren hitz aspertu hori, baina bestela, zureak egin du, presta zaitez speech-a goitik bera entzuteko, eta hobe duzu ados egon eta kontrarik ez eramatea, badaezpada ere.

Aspaldiko lankide batek gailentzen den hizlari gisa sailkatzen zuen jende mota hau. Nonbait, eskuartean duten gaian interesa badu, eta ezagutza ere bai, nahikoa bere ustez, taulagaineko mahaitxora gonbidatua izateko hizlari moduan, baina kasualitatez, ausaz edo beste edozein arrazoi baliogutxidunen bat medio, ez da gonbidatua izan, eta bere burua nabarmendu behar du, proposatu hurrengo baterako. Kasurik onenean besoa altxatuko du, txanda eskatuz. Gaiaren inguruko hausnarketa egingo du ziur aski azalpenean, baina beti ere bere ikuspuntua adieraziz, eta gehienetan, erakutsiz gutxi samar inporta zaiola aurretik esan den guztiak, bere esanbeharrekoa prestatzen egon delako.

Askotan, gehiegitan ez esatearren, interben-tzio hauek luze xamar jotzen dute eta ondorioz, bilerak luzatu, eta entzuleen barruko sen maltzurrena ere piztu ohi du, hizlari berri horrekiko biziarteko gorrotoa sorraraziz, oraingo honetan ere, inolako asmorik gabe, berandu afalduko dugulako X deituko diogun pertsona horrek ez dakielako isilik egoten beste guztiak bezala, eta bere hitz egiteko presa hori, gure alde egiteko presa bihurtzea lortu du.

Ahozko eutsi ezin horrek bizitzako beste hainbat girotan ere izan ohi du presentzia gainera. Normalean, bere eguneroko jardueran hitz asko ez duenak, edozein momentu hartu ahal du ezinegon hori lasaitzeko. Adibidez, bizilagun bilera izan daiteke aitzakia, edo kirol taldeko urteko batzar orokorra, eta urteetan zehar gordetako trapu zaharrak ateratzen hasten dira Horrela ulertzen dira, bidenabar, berez eduki aldetik a priori oso konplikatuak ez diruditen gaitegiak ikaragarri konplikatzea, oilategia irudikatzeraino, eta berriz, alde egiteko presa sortzen da barrenean, esateko ezer gutxi izan, eta eztabaidan parte hartzeko asmorik ez duenari behinik behin.

Horregatik, pentsa lezake batek, gure sistema politikoan kasu, demokrazia deitzen diogun honetan, parte hartzea ez dago sobera modan, eta ordezkariak bozkatzen ditugu gure partez hitz egin eta erabakitzeko, gero ez dezaten pentsa norbera beti hitz egiteko prest dagoen gogaikarri horietako bat denik.