Gaurko enpresak erakargarri egiteko saioa antolatu dute

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak antolatu duen jardunaldia doakoa da eta ostegun goizean burutuko da

Martes, 28 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 06:09h

Oiartzun- Enpresen gizarte erantzukizunak eta enpresen arteko sareek dakartzaten onurez jarduteko jardunaldia antolatu du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak hainbat eragileren laguntzarekin. Saioa ostegunean burutuko da 10.00etatik 14.00etara Oiartzungo Lanbarren industriagunean dagoen Salto Systems enpresan.

Jardunaldiko hizlari nagusia Kataluniatik etorriko den Responsabilitat Globaleko aditu Josep Maria Canyelles izango da. Canyellesen esanetan, “enpresa batzuek gizarte erantzukizunaren arloan egin dezaketenak ez du behar besteko ahalmenik gizarte eta enpresa-kultura osotasunean bilaka arazteko. Testuinguru horretan sortu da Gizartearekiko Erantzule den Lurraldea kontzeptua, askotariko erakundeek gizarte eran-tzukizuna euren kudeaketan sar dezaten eta erantzukizuna, iraunkortasuna, gardentasuna edo etika bezalako balioak lurraldearen markaren ezaugarri bihur daitezen”.

Hitzaldi nagusiaren ondotik enpresen arteko sareen eta elkarlanerako ekimenen onurak aztertuko dira mahai-inguruan. Tkguneko Fermin Lazkano, Elayko Anaje Narbaiza, Olatukoop-eko Beñat Irasuegi eta Art for life!-eko Miren Lauzirika izango dira partaideak. Nerea Azurmendi kazetariak gidatuko du mahai-ingurua.

Mahai-inguruaren ondoren, eztabaida taldeak egingo dituzte bi auziri edo galderari erantzun nahian.

Izen-ematea doakoa da, eta www.euskarazsa.eus/eu/hasiera webgunean egin behar da. - A.M.