Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Abian da Errigoraren Uztaberria kanpaina, martxoaren 14a arte

Lehen aldiz nafar hegoaldeko oliba-olioa eta kontserba-loteak batera eskatu beharko dira

Miércoles, 1 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:06h

Uztaberria kanpainaren aurkezpena, atzo.

Uztaberria kanpainaren aurkezpena, atzo. (Argazkia: Patxi Cascante)

Galería Noticia

Uztaberria kanpainaren aurkezpena, atzo.

iruñea- Errigora ekimenak Uztaberri kanpaina berria martxan jarri du, martxoaren 14a arte luzatuko dena. Nafarroako olio eta kontserba produktuak zuzenean kontsumitzaileari helaraztea eta euskara sustatzea helburu dituen ekimenak bultzada berri bat hartzen du horrela, nobedade garrantzitsuekin. Alde batetik, “inoiz baino eskaintza zabalagoa eta ekologikoagoa” izanen da Uztaberrikoa, Ibai Sueskun Errigora taldeko kideak atzo Iruñean egindako aurkezpenean azaldu bezala. Bestalde, kanpaina honetan egindako eskaerak bi txandatan jaso eta ordainduko dira: olioa, martxoaren bukaeran eta kontserbak, ekainaren hasieran jasoko dira.

Errigorak urrats bat gehiago eman nahi izan du kanpaina berri honekin. Udaberriko uzta aurrera-tzeaz gain, produktu ekologikoen eskaintza gehitu die aurreko produktu konbentzionalei: “Gogotik egin dugu lan: ekoizle gehiago topatu behar izan dugu, nekazari eta elaboratzaileak harremanetan jarri, nekazari-sindikatu eta ekoizpen-kontseiluekin lankidetza bideak garatu... ”.

Sueskunek atzokoan adierazi bezala, “Errigora poliki-poliki bide bat egiten ari da eta urte gutxitan ekarpen garrantzitsua egin die, alde batetik, Nafar hegoaldean euskararen alde ari den mugimenduari eta, bestetik, eremu bereko nekazaritzari eta orokorrean ekonomiari”. “Guztia auzolanean, elkarlanean, txikitik handira, Errigorak hain berea duen lan egiteko eran” gaineratu zuen Sueskunek.

Ekoizpenaren eremuan produktu berriak eta produktu agroekologiko gehiago ekoiztea, ekoizle familia handitzea edota nekazal-ekoizle zein elaboratzaile berriak sortzen laguntzea da Errigoraren egungo erronka. Kontsumitzaileen eremuan berriz, kontsumitzaile komunitatea handitzea eta saretzea.

Euskararen eremuan ere pauso berriak ematen ari dira: “Heldu eta haurren euskalduntze egitasmoek aurrera egin dezaten ekonomikoki laguntzeaz gain, eremu berriak euskaldunduko dituen tresna, aliantza eta baliabideak bilatzen saiatzen ari gara” adierazi du Sueskunek. - M.M.P.