Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Toberen tailerra Arditurrin

nafarroa oinezeko jarduera kulturalei hasiera emateko, toberen tailerra ospatu genuen lesakan

Testua eta argazkia Tantirumairu Ikastola - Jueves, 2 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:07h

Argazki honetan 5. mailako ikasleok, Ekiñe, Oihan, Lexuri, Josu eta Janire Patxi Muxika tobera irakaslearekin gaude.

Argazki honetan 5. mailako ikasleok, Ekiñe, Oihan, Lexuri, Josu eta Janire Patxi Muxika tobera irakaslearekin gaude. (TANTIRUMAIRU IKASTOLA)

Galería Noticia

Argazki honetan 5. mailako ikasleok, Ekiñe, Oihan, Lexuri, Josu eta Janire Patxi Muxika tobera irakaslearekin gaude.

Lesakako Tantirumairu Ikastolak, Aiako Harrien ingurua aukeratu zuen Nafarroa Oinez 2017ko lehendabiziko ekimen kulturalak egiteko.

Tobera-tailerra izan zen horietako bat, toberak ia desagertuak egon ziren Euskal Herri osoan baina Lesaka eta Oiartzun aldean ohiturari eutsi zioten.

Transmisio horri eusteko asmoz, Arditurrin, Lesakako ikastolak otsailaren 11an ikastaroa antolatu zuen Soinuenea herri musikaren inguruko fundazioarekin batera.

Arditurri Oiartzunen dagoen antzinako meategi bat da, erromatarren garaitik ia gaur egun arte ustiatua izan dena. Toberak meategiei lotutako musika-tresna direnez, ingurune hori aukeratu zen tailerra antola-tzeko.

Tailerra arratsaldeko 4.30ean hasi zen;hasieran irakasleek toberen historia azaldu zuten, nola sortu ziren, noiz jotzen ziren … Ondoren Harritxu eta Iratxe Muxika ahizpek tobera saioa eskaini zuten.

Gero nahi zuten guztiei, jotzeko aukera eman zitzaien. Parte hartzeko ez zen adin mugarik, ez aparteko musika jakintzarik behar, horregatik jende aunitz animatu zen burdinak hartu eta jotzera.

TOBERAK LESAKAN 1960. urtean toberak galtzear zeuden gure herrian, eta garai hartan Dionisio Mujika lanean hasi zen tradizioa berpizteko asmoz.

Bautista Legasa eta Martin Zubieta bi herritar adinduak ziren toberak jotzen zekiten bakarrak. Haiek izan ziren Dionisioren irakasleak eta haiengandik ikasi zituen toberen inguruko historiak eta ohiturak ere.

Beranduxeago, bere seme ziren Dioni eta Patxiri irakatsi zien berak ikasitakoa eta 70. eta 80. hamarkadetan, atta semeek EZ DOK AMAIRU mugimendu kulturalaren inguruan hainbat herrietako ekitaldietan parte hartu zuten toberak joaz. Hortaz gain, Bortzirietako eztei batzuetan ere jo izan zuten.

Gaur egun, Dioniren alaba diren Arritxu eta Iratxek ere, atatxi, atta eta osabaren bideari jarraitu nahi izan diote eta toberak jotzen ikasi dute. Nafarroa Oinezko aurkezpenean bi ahizpek tobera joaz hasiera eman zioten ekitaldiari.

ZER DIRA TOBERAK? Batetik bertzera itxuran aldaketak egoten badira ere, arruntena honelakoa izaten da: gutxi gorabehera metro eta erdiko altzairuzko palanka. Bi muturretatik airean zintzilik dagoela jotzen da , bi pertsonek sokekin helduta. Bertze bi pertsonek jotzen dute, bakoitzak 30 zentimetroko bi burdin ziriekin kolpatzen du palanka.

Bi jotzaileek bi burdin ziri dituzte, bat esku bakoitzean. Biekin txalapartarekin egiten den antzeko jokoa egiten da. Lesaka aldean, erritmoa markatzen dionari “bia” deitzen diote, eta “pikatzailea” edo “errepikia” bertzeari. Bigarren honi Oiartzun aldean “bata”deitzen zaio.

Hauekin batera aritzen da koplaria edo bertsolaria. Honek, burdin joaldiarekin tartekatuz, bertsoak kanta-tzen ditu. Batzuetan, toberaren bertso propio zaharrak;bertzeetan, saio horretarako bereziki prestatutakoak, edota bertso berriak bat-batean jarriak.

Txalapartaren “aldaera” hau (askotan nahastu egiten dira txalaparta eta tobera) ez da soinu-tresna bakarrik, baizik eta festa-giroan egiten den ekintza.

TOBEREN JATORRIA Ia desagertzear egon ziren toberak Euskal Herrian, baina Bidasoa eta Donostialdean, Oiartzun eta Lesakan zehazki, ohiturari eutsi zitzaion.

Lesakan, sutegietako hauspoaren tutuari deitzen zitzaion tobera, eta horiek garbitzeko lanetatik sortu zen joaldi mota hau. Barruko hautsa eta zikinkeria garbitzeko, metalezko ziri batzuekin kolpatzen zen tutua eta hortik sortu zen musika tresna.

Oiartzunen berriz, Arditurriko meategietan, barrenatzaileek mea zula-tzeko erabiltzen zuten palanka tobera bilakatu zen.

Toberak ospakizunei lotuta egon dira beti, adibidez, “karobi eztaya” deitzen zen bestan. Aspaldian, auzokideak karea egiteko elkartzen ziren eta gauez, karobien inguruan suak pizturik, afaria, bertsolariak, irrin-tziak eta musika egoten zen eta toberak jotzen zituzten.

Lesaka eta Oiartzun inguruan, ezteiekin lotuta dago tobera. Lesakan, pregoia jotzen zuten egunean;hau da, ezkontza baino lau bat aste lehenago, herriko gazte taldea, tobera bizkarrean zuela, andregaiaren etxera joaten zen. Atarian palanka lurrean sartzen zuten;gehienetan apaindua egoten zen eta muturrean lore sorta bat jartzen zioten.