Zumaiako musika taldeentzako deialdia

Entseguetarako lokalak erabili ahal izateko martxoaren 13tik 31ra eman beharko da izena

2017(e)ko martxoaren 3a, ostirala - 06:12etan eguneratua

Zumaia- Zumaiako Udalak bost areto ditu Arritokieta azpian kokatutako Uxategia eraikinean eta beste hiru Ubillos Musika Etxearen atzean musika taldeen entseguetarako erabiltzeko, eta lokal horiek erabili ahal izateko izena eman beharko dute interesa duten taldeek datorren martxoaren 13tik 31ra.

Lokalen erabilpena zuzentzeko Dardara Musika Kolektiboarekin hitzarmena du Kultur Sailak, eta araudiaren arabera urtero deialdia egin behar da. Beraz, dagoeneko lokaletan dauden taldeek ere deialdi horri erantzun beharko diote eta izena ematea ezinbestekoa da. Lagapenak urte baterako balio du beti ere.

Lokalak erabili ahal izateko, Dardara kolektiboko kide izan beharko dute taldeek eta kide bakoitzak 50 euro ordaindu beharko ditu Uxategiko lokalengatik, eta 10 euro urtean, berriz, Ubillos atzeko lokalengatik. Beraz, herriko musika taldeei deialdia zabaldu diete Kultur sailarekin harremanetan jartzeko. Aurkeztu beharreko dokumentazioa honakoa izango da: izen-emate orria behar bezala beteta, taldekideen nortasun agirien fotokopiak (eskaera berrien kasuan) eta Dardarako kontu korrontean kuota ordaindu izanaren agiria.

Informazio gehiago nahi dutenek Alondegia kultur etxera jo dezakete astelehenetik ostiralera 9.00etatik 14.30era bitartean, edota 943 861 056 telefonora deituta edo kultura@zumaia.eus edo dardarazmk@gmail.com helbidera idatzita. - A.R.