Iraultza ia kopernikarra

Por Bixente Serrano Izko - Domingo, 5 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:10h

nafarroak egunen batean zur eta lur utziko du mundua, idatzi zuen, nik maltzurki horrela euskaraturik, Shakespeare handiak. Izan ere, zur eta lur geldituko litzateke mundu arrazional osoa, ohartuko balitz zein iraultza, handi handia, ausarta, ia kopernikarra, eman dion logikari hainbat navarrrristak: ustekoa naiz, horiek, nik bezala, logika aristotelikoa, Akinokok kristautua, ikasi zutela filosofia arloan, hura baitzen nazional-katolizismo garaietako arrazoinamendu moldea. Gero, ni bezala, logika sinbolikoan sartuko zituen navarrrristak ere unibertsitate mailako arrazoinamendu filosofiko edota matematiko unibertsalagoak. Ez dakit molde unibertsal hau ongi barneratu zuten ala ez, baina urrats ausarta, bai ausarta ere, egin dute, itxura osoz, gure navarrrristek.

Pio Barojak ohikoa zuen murrikaz oximorontzat jo zuen “El pensamiento navarro” egunkari haren izenburua. Nafar guztioi egotzi zigun oximoron horren morron-tza, murrikan ibiltzeko gaitasuna bezain handiak baitzituen intuizioa eta arinkeria, baina ez zatekeen hain oker ibili nafar guztiei beharrean garaiko karlistei bakarrik egotzi izan balie oximorona. Eta gaurko navarrrristak haien gaurko kumeak ditugu, batik bat faxista eta militonekin bat egin zuten karlisten kumeak. Dena dela, ez zen gai Pio Baroja konturatzeko horrelako nafarrek eurekin ekarriko zuten logikaren iraultza ia kopernikarraz: logika sinbolikotik, misterio logikara, azti/sorgin logikara, logika navarrrristara eginiko jauzia.

Ez erran iraultza ia kopernikarra ez denik, logika arloan, legeetan herritarrei aukerak eta askatasun-bideak irekitzea inposaketa dela ondorioztatzea. Ez ‘Barbara’, ez ‘Celarent’, ez ‘Darii’, ez ‘Ferio’ silogismo molderik, putiferio/burdel silogismo moldetzat jo dituzte horiek navarrrristek, logika sinbolikoko zeinek daki zein sinbolismotik iragazirik. Euskaraz ikasteko aukerak zabaltzea, euskararen inguruko eskubide berdinak nafar guztiei eman nahia, abortu eskubidearen gauzatzeko bideak nafar guztientzat hemen bertan irekitzea, herri bakoitzeko gehiengoaren nahia legez baimentzea sinboloen erabileran…, aukerak, aukerak, aukerak…, inposaketa direla erraten die euren logika iraultzaileak. Nork erran zukeen kontserbadore amorratu horietaz?

Lepoa eginen nuke ez direla batere ezjakin, kontua ez dela Pio Barojak zioena, aitzitik, azti-sorginkeriaren mahuka-logika dela: bularraldetik mukizapiak sartu, muki berdeak eta guzti, mahukatik gero urrezko untxiak eta usoak ateratzeko logika magikoa. Mahuka pagotxa gisa berreskuratzeko ahaleginetan, euren ahalmen intelektualak buru belarri zukutuz.

Kostatuko zaie Shakespearerena gauzatzea, bertze koska bat estuago eman beharko diote beren garunari hori lortzeko, eta poeta ingelesaren halako profezia bat izan bazen hura, nafarron zain egon beharko du oraindik ere munduak. Baina horretan dabiltza, buruaz logika mailukatuz, Espartza, Beltran eta enparauak, Chivite ere enparauen artean. Ai, Sanchez hori, zer jarraitzailea aurkitu duzun hemen PSOE zentzatzeko bidean!