Gorka López de Alda Trintxer Mendi taldeko lehendakaria

“Nahiko pioneroak izan gara ibai arroen ibilaldiak burutzen, Euskal Herriko guztiak egin nahi ditugu”

Pasaiako Trintxer Mendi Taldea aurten bere 25. urteurrena ospatzen ari da eta horretarako hainbat ekitaldi berezi antolatu ditu. Bere lehendakariak ekintzak aurrera ateratzeko jende askoren laguntza jasotzen ari direla nabarmendu du

Aitziber Muga - Domingo, 5 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:15h

Gorka López de Alda

Galería Noticia

Gorka López de Alda

Pasaia- Gaur Trintxer Mendi Taldekoek, 25. urteurrenaren ospakizunen baitan, 44 zuhaitz landatuko dituzte. Horietako bederatzik zendu diren elkarteko bazkideak gogoratuko dituzte. Elkartearen ospakizunek Ernio hiru leku desberdinetik igotzeko deialdiarekin, ekimen honetan haurrek ere parte har dezakete;mendi garbiketa egun batekin eta Aralarrera gauean burutuko duten irteerarekin jarraituko dute. Gainera, elkartearen ibilaldietan parte hartzen dutenek urte osoa iraungo duen argazki lehiaketa batean esku hartu dezakete. Eta Trintxer oraindik sorpresa gehiago ere prestatzen ari da.

Zergatik sortu zen Trintxer Mendi Taldea?

-Hasieran Trintxer Elkartea sortu zen 1988an, eta hiru urte beranduago, 1991an, mendiko taldea ateratzea pentsatu genuen, ikusi genuen ikastaroak eta irteerak egiteko aukera zegoela. Hasieran 30 bat lagun elkartu ginen. Aurten 99 federatu gaude, baina normalean 110 federatu gaude, beti 100dik gora.

Aurten 25. urteurrena ospatzen ari zarete, taldea baina 1991an jaio bazen 26 urte bete ditu jadanik.

-Jendea harritu egiten da, baina gure bazkideak ez. Urteurrena, berez, iaz izan zen, baina guretzat oso garrantzitsua da Mendiola-Ulia Ibilaldi Neurtua eta aurten 25. edizioa antolatuko dugu, horregatik erabaki dugu aurten ospakizunak egitea. Trintxer elkarteak orain dela lau urte bete zituen 25 urte eta mendi sailari eskatu zioten zerbait berezia prestatzeko. Proposatu genien Ibilaldi Neurtua ordez, urte horretan Pasaiako Bira egingo genuela eta Mendiola-Ulia Ibilaldi Neurtuak urte bat galdu zuen. Beraz, 25+1 jokua erabiltzen ari gara.

Nolakoa izan da elkartearen bilakaera urte guzti hauetan? Aldaketak jasan al dituzue?

-Hasiera batean egun bateko irteerak egiten genituen mendi desberdinetara, baina 1996an erabaki genuen birak egitea. Asanbladetan jendeak eskatzen zuen Gipuzkoako Bira egitea, etapaz etapa, bukatzen genuen tokitik hurrengo etapa hastea, eta horrekin taldeak jauzi bat eman zuen. Gaur egun etapetako birak irteera txikiago batzuekin tartekatzen ditugu.

Proiektu berezirik prestatzen al duzue?

-Nahiko pioneroak izan gara ibaien arroen ibilaldiak burutzen. Gure egungo asmoa Euskal Herriko ibai arro guztien mugak egitea da, jaiolekutik itsasoratzen den tokiraino, hartzen dituen mendi eta bihurgune guztiak jarraituz. Gipuzkoako oso ibai gutxi gelditzen zaizkigu, Bizkaiko lau gelditzen zaizkigu eta Araban eta Nafarroan baita egin ditugu ba-tzuen batzuk ere. Orain Ibaizabaleko arroa egiten ari gara.

Euskal Herri osoko birarekin ere urte asko daramatzazue.

-Duela hamar urte gutxienez hasi ginen, Gipuzkoako eta Bizkaiko kostalde guztia egin genuen, Araba guztia eta orain Nafarroa bukatzen ari gara. Gelditzen zaigu oraindik Iparralde guztia Trintxerpen bukatzeko. Oraindik lau urte gehiago emango ditugu Euskal Herriko Birarekin.

Pasaian eta Trintxerpen mendiarekiko zaletasunik al dago?

-Bai, badago, baina orain jendea bere kabuz joaten da mendira, elkartearekin joan ordez. Hala ere, herrian bost mendi elkarte gaude. Pirinioetara irteerak antolatzen ditugunean orduan jende asko apunta-tzen da. Hilabeteko irteeretan jende gutxi apuntatzen da, baina beti 30etik gora lagun joaten gara.

Ibilaldi-Neurtuan, aldiz, jende andanak parte hartzen du.

-Bai, Trintxerpeko familia askok parte hartzen du, hemen delako, erraza delako, hiru orduko ibilaldia delako eta ohitura bilakatu delako. Errazagoa da jendea mugiaraztea.

Zein da gaur egungo mendizaletasunaren egoera?

-Azkeneko urteetan beherakada nabaritu dugu, baina mendi talde gehienetan gertatzen ari den jaitsiera da. Lehen ia hilabetero betetzen genuen autobusa. Inguruko mendi taldeekin hitz egin dugu eta berdin gertatzen zaiela esan digute eta joera hau Errenteriako Urdaburu bezalako talde batek nabaritzen badu, 800 federatuekin, guk ehun federaturekin zer esanik ez. Gu pozik egon behar gara daukagun egoerarekin, talde txikia izanik.

las claves

Gipuzkoako txokorik maiteena. Pasai Donibaneko plaza.

Paisaia idiliko bat. Aralar mendilerroa Nafarroatik ikusita.

Mendi bat. Dudarik gabe Aiako Harria, txikitan nire gurasoekin joan izan naizelako.

Hondartza bat. Zurriola, beti hara joan izan naizelako.

Festa edo ospakizun bat. San Tomas. Txikitan eskolako guztiak jantzi eta ospatzen genuen.

G

ipuzkoatzen