Erripan gora

Txortak versus soldaduak

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 5 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Galería Noticia

Harrigarria da zer-nolako bihurgunea egiten duen trenbideak Iruñeko tren-geltokira iritsi baino lehen. Lotza paretik zuzenean hiribururantz jo beharrean, sekulako kiribila egiten du, Argaren meandro handi bat bailitzan. Lehenago, trenbidez bi aldeetan, alorrak nagusi. Orain, ordea, gero eta etxebizitza gehiago trenbidearen ondo-ondoan, bai Iruñean bertan, bai Artikako beheko zelaietan, Artika Berri erraten zaion auzo berrian. Mugalde hori errotik aldatu da azken 20 urtean. Etxe berriez gain, lorategi zabalak moldatu dira. Mogotes erraten diote horietako bati, mendez mende inguru horretan “Mutiloagaña”, “Kaskallugaña” eta bertze toki-izen batzuk izan direnean. Handik ez urrun, “Mugarriluzea”, Berriozar, Artika eta hiriburuaren arteko muga nahasian.

Jende aunitz ibiltzen da paseoan, baita txakurrak ere, lotuta nahiz laxorik;txakurkoak eta zakur puska izugarriak, jabeek nekez mendera-tzen dituzten horietarik. Orain, eremu jakin bat moldatu dute txakurrentzat eta jendearentzat, “txakurren eta auzokideen arteko bizikidetza sustatze aldera”. Hitzez hitz horixe diote ekimenaren atzean daudenek. “Txakurrak sozializa-tzeko leku bat”. To eta no! Bide batek Berriozar aldera egiten du Artikako dermioan barna, trenbidea zedarritzeko hesiaren ondotik. Iparraldeko ingurubidea zubi azpitik igaro, eta ustekabean, noiznahi eta nonahi txortak. Beno, egia erran, txortak ez, soldadu profesionalak baizik, “cetmea” agerian, sasietan, alorretan, bidez bide, hirunaka, launaka, bosnaka. Aitzoaingo kuartelaren lurretatik gero eta urrunago. Ariketak. Ariketa militarrak. Hedabideetan oihartzunik ez. Udalak mutu. Txortak derrigorrezko soldadutza kentzearekin batera desagertu ziren. Hitza bera ez, ordea. Literatura izan da hemengo hitzaren adiera horren salbabidea, Patxi Larrionen “Feriatzaileak” eleberri arrakastatsuari esker.