Arantzako II. Trikitixa jaialdia eginen dute larunbatean

Pantaleon Errandonea omenduko du Udalak musika eta dantza saioa eta gero

Aitor Arotzena - Miércoles, 8 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:07h

Azpeitiko Sahatsa dantza taldeak parte hartuko du aurten ere jaialdian.

Azpeitiko Sahatsa dantza taldeak parte hartuko du aurten ere jaialdian. (Utzitakoa)

Galería Noticia

Azpeitiko Sahatsa dantza taldeak parte hartuko du aurten ere jaialdian.

arantza- Iaz burutu zen lehenbiziko edizioa eta arrakastatsua izan zen. Aurten ere, trikiti eta pandero soinuak nagusituko dira Aran-tzako frontoian, bertze urte batez, Trikitixa Jaialdia antolatu baitu Arantzako Udaleko Kultura Batzordeak larunbaterako.

Herriko trikitilari eta panderojoleez gain, inguruko hainbat eskoletako soinulariak bilduko dira: Doneztebeko Agorreta Musika Eskola, Etxalarko trikitilariak eta Elizagoien ahizpak, Berako Irats Trikitixa Eskola eta Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskola, Lesaka Trikitixa Eskola eta Lesakako Udal Musika Eskola, Martin Aginalderen Trikitixa Eskola (Oronoz-Mugairiko trikitilariak) eta Aurtizko Mendaur Trikitixa eta Panderojoleen Eskola.

Bertzetik, joan den urtean bezala, Azpeitiko Sahatsa Dantza Taldeko dantzarien emanaldiak ere tartekatuko dira saioan. Eta bukaeran, Pantaleon Errandoneari omenaldia eskainiko dio Kultura Batzordeak. Herri kirolen sustatzaile, zinegotzi, mendi-mutil, Ekaitza elkartzearen sortzaile eta bertzee hainbat meritu aitortuko zaizkio.

17.00etan hasita, arratsalde polita pasatzeko modua izanen da. Partaide guztientzat oroigarriak izanen dira eta zozketak ere izanen dira. Publikoaren artean, Arantzako Hotelean spa saioa zozketatuko da.

Emanaldirako sarrera 5 euro izanen da eta 12 urtez behetikoek ez dute ordaindu behar. Arantzako Udaleko Kultura Batzordeak eskerrak eman nahi dizkie jaialdi hau antolatzeko laguntza eskaini duten guztiei.

Pelle-Ttikik 10 urtePelle-Ttiki Haur Txokoa koxkortzen ari da eta 10. urteurrena ospatzeko, trikitixa jaialdiak irauten duen bitartean, haurrentzako tailerrak izanen dira. Horrez gain, hamar urteko ibilbidearen argazki erakusketa ere ikusgai izanen da. Aunitz urtez!

Bertzalde, eguna borobiltzeko, Gure Esku Dago bertso afaria izanen da Ekaitza Elkartean, Iker Zubeldia eta Sebastian Lizaso bertsolariekin. Afarirako txartelak salgai daude herriko ostatuetan.