Jon Mendiluze biok2.com taldeko entrenatzailea

“Urte osoa Baskoniaren aurkako partidua prestatzen eramaten dugu. Galdu arren, taldeak aurpegi oso ona erakutsi du”

Larunbatean Baskoniaren aurka galdu zuen Biok2.com taldeak, 12 garaipenen ostean. Asteburuan ere partida garrantzitsua du talde ordiziarrak

M. Aranburu - 2017(e)ko martxoaren 8a, asteazkena - 06:11etan eguneratua

Jon Mendiluze, biok2.com taldeko entrenatzailea.

Jon Mendiluze, biok2.com taldeko entrenatzailea.

Galería Noticia

Jon Mendiluze, biok2.com taldeko entrenatzailea.

ordizia- Pena apur batekin baino gustura dago Jon Mendiluze Biok2.com saskibaloi taldeko entrenatzaile tolosarra. Larunbatean talde ordiziarrak Baskoniaren aurka jokatu zuen, eta nahiz eta parekatua izan zen partida, azkenean, gasteizekoak nagusitu ziren.

Partida gogorra izan zen larunbatekoa. Zein sentsazio duzu?

-Taldeak ahal zuen guztia egin zuen. 32. minutura arte oso ondo jokatu genuen, baina gero beherakada bat izan genuen. Urte osoa partida hau prestatzen egoten gara, hau itxaroten. Fisikoki ere nabaritzen da Baskoniako jokalarien maila zein den, eta guk ohi baino hiruko gutxiago sartu genituen, esaterako. Bestela, uste dut hortzak erakutsi genituela eta taldeak aurpegi oso ona erakutsi zuela.

12 partida eraman dituzue galdu gabe, nahiz eta Baskoniaren aurka ezin izan duzuen 13. garaipena eskuratu.

-Bai, nik uste maila ona erakusten ari garela orokorrean, kalitate aldetik ere nabaritzen da beste urteekin alderatuz salto handia eman duela taldeak, eta talde lana ere ikus daiteke. Hamabi partida irabazi ditugu jarraian eta horrek ere erakusten du taldearen erritmoa ona dela.

Larunbatean partida garrantzi-tsua izan zenuten. Asteburu honetan zein aurkari izango duzue?

-Gaur gaurkoz bigarren goaz sailkapenean, eta asteburuan hirugarrenaren aurka jokatuko dugu, beraz, partida oso garrantzitsua izango da oraingoa ere. Kanpoan jokatuko dugu San Cernin talde iruñarraren aurka. Haiek badute jokalari bat oso ona dena, lehen mailan ibilitakoa. Guk gure jokoa egingo dugu eta garaipena eskuratzea espero dugu. Guztira zortzi partida gelditzen zaizkigu, horietatik bost etxean jokatuko ditugu eta hiru kanpoan. Ordizian jokatzen dugunean askoz ere hobe aritzen gara, baina kanpoan ere maila ona erakutsi beharko dugu helburuak lortzeko.

Eta zeintzuk dira dituzuen helburuak?

-Denboraldiaren hasieran egia esan ez geneukan helburutzat lehenengo postuetan gelditzea. Baina partidak irabazten joan gara eta orain lehenengo postuei eustea dugu helburu. Playoff-etan sartzea da lortu nahi duguna, eta bide batez ea kategoriaz igotzea lortzen dugun. Egun Lehen Nazional mailan gabiltza lehian.

Talde gaztea izan arren maila txukuna erakusten ari da, ezta?

-Egia da talde gaztea dela, baina kalitate aldetik oso txukun gabiltza. Hemeretzi urteko lau jokalari ditugu, hogei inguruko bi-hiru, hogeita seiko hiru eta beste bat hogeita zor-tzikoa. Gazteenek intentsitate handia jartzen dute eta defentsan ere oso ondo dabiltza, eta helduagoak kalitatea jartzen diote jokoari. Iazko urtean batez ere indibidualki ibiltzen ziren, baina orain talde lana da nagusi. Batzuk beti daude abilagoak direnak, baina taldean guztiek egiten dute lan.

Horrez gain, jarrera ere oso ona dute. Duela hiru urte hasi nintzen Ordiziako saskibaloi taldea entrenatzen, eta egin duten saltoa izugarria da. Guztiak gogoarekin etortzen dira astean hirutan entrenatzera, eta alde horretatik ezin da gehiago eskatu. Hobetzen ari gara, baina jarrera etxetik ekarri behar den zerbait da eta jendea pozik etortzen da. Era berean, ni ere oso gustura ibiltzen naiz haiek entrenatzen eta hobetzen dutela ikusten.

Gipuzkoatzen

Mendi bat. Uzturre.

Hondartza bat. Orioko hondartza.

Paisaia bat. Orion itsasotik gertu dagoen gain bat dut oso gustuko. Lagun batzuk parapentean jaisten dira eta tontortxo horixe aukeratuko nuke.

Festa edo ekitaldi bat. Inauteriak.

Txoko gustokoena. Zalantzak ditut, baina lagunekin pote bat hartzen egoten naizen edozein txoko gustatzen zait, giro onean lagunarteaz disfrutatzen egoten garenean.