Berrituta dator Ziriako Andonegi ipuin lehiaketa

Nobedade gisa, Mutrikuko Udalak antolatutako lehiaketarako ipuina idaztera animatzen direnek 100 hitzeko muga izango dute

Domingo, 12 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:12h

mutriku- Apirilaren 23an Liburuaren nazioarteko eguna ospatzen dela aprobetxatuz, Mutrikuko Udalaren Kultura eta Euskara batzordeak eta Udal Liburutegiak Ziriako Andonegi ipuin lehiaketaren edizio berri bat antolatu dute. Hori bai, aurtengoan berrikuntza nagusi bat egongo da: ipuina idaztera animatzen direnek 100 hitzeko muga izango dute.

Edonola ere, “edonork” parte hartu ahal izango du Ziriako Andonegi zenaren omenez antolatzen den ipuin lehiaketa honetan, eta parte-hartzaile bakoitzak “nahi beste” lan aurkeztu ahal izango ditu.

Aurreko urteotan bezala, lan guztiak “euskaraz idatziak, originalak eta argitaratu gabeak” izan beharko dira eta parte hartzera animatzen den idazle bakoitzak “egoki ikusten duen gaia” jorratu ahalko du.

Sariei dagokionez, epaimahaiak hiru diru-sari banatuko ditu: 18 urtetik gorako parte-hartzaileen artean aukeratutako lan onenaren egileak 500 euro eramango ditu etxera;mutrikuarren arteko lan onenaren idazleak 250 euro eskuratuko ditu eta 18 urtetik beherako partehartzaileen lan onenaren egileak 150 euro.

hilabeteko epeaEuskaraz idazteko zaletasuna dutenek hilabeteko epea dute Ziriako Andonegi ipuin lehiaketarako mikroipuin bat presta-tzeko. Izan ere, lanak apirilaren 12ra arte aurkez daitezke eta horretarako bi aukera daude.

Alde batetik, lanak posta arruntez bidal daitezke Mutrikuko Udalaren Kultura batzordera (Txurruka plaza z/g, 20830). Idazlanak izenburua eta egilearen ezizena izango ditu agerian, eta ezin izango da egilearen izenik aipatu. Idazlanarekin batera, gutun-azal itxi baten barruan, idazlanaren izenburua eta ezizenarekin batera, egilearen datu pertsonalak agertuko dira: izen-abizenak, adina, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa, sinadura eta nortasun agiriaren kopia.

Bestetik, lanak kultura@mutriku.net helbide elektronikora bidal daitezke. Kasu horretan, bidaltzen den mezuari bi fitxategi erantsiko zaizkio: batean, idazlana goitizenez sinatuta;eta bestean, egilearen datu guztiak, nortasun agiria barne.

Sari banaketa Liburuaren nazioarteko egunaren inguruan antolatuko diren ekitaldien baitan egingo da. - J.L.