Azpeitia trikitixaren bilgune bilakatuko da larunbatean

Belaunaldi ezberdineko trikitilariek parte hartuko dute 2017ko San Jose jaialdian

Jabi Leon - Miércoles, 15 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:12h

Andoitz Alzibar, Josu Labaka eta Maider Jauregi, Trikitixa jaialdia aurkezteko atzo egindako agerraldian.

Andoitz Alzibar, Josu Labaka eta Maider Jauregi, Trikitixa jaialdia aurkezteko atzo egindako agerraldian.

Galería Noticia

Andoitz Alzibar, Josu Labaka eta Maider Jauregi, Trikitixa jaialdia aurkezteko atzo egindako agerraldian.

azpeitia- Trikitixaren doinuak gustoko dituzten gipuzkoar guztiek ezinbesteko hitzordua dute datorren larunbatean Azpeitian ospatuko den 2017ko San Jose trikiti jaialdiarekin. Izan ere, goi mailako eta belaunaldi ezberdineko musikariek parte hartuko dute Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Udalaren laguntzarekin antolatzen duen aurtengo jaialdian.

Trikitixaren festa 17.30ean hasiko da Soreasu antzokian eta guztira sei talde igoko dira kultur ekipamenduaren oholtzara.

Maider Jauregi eta Andoitz Alzibar Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko ordezkariek eta Josu Labaka, Udalaren Kultura batzordeburuak, atzo eguerdian aurkeztu zuten udaletxean jaialdi ospetsuaren aurtengo ediziorako prestatutako kartela.

Alde batetik, iaz Mirari eta Aintzane, Bidea hauspotzen izeneko diskoa kaleratu zuten Mirari Azkune bizkaitarra eta Aintzane Agirrebeña eibartarraren musika entzuteko parada izango da. Beraiekin batera Bernardo Aguilera musikari boliviarra eta Walter Tuzzeo italiarra arituko dira.

Bestetik, trikitixaren munduan aski ezaguna den Maixa Lizarribarrek parte hartuko du larunbateko jaialdian;ondoan Jose Luis Izeta panderojolea, Azkonobieta anaiak eta aspalditik plazak utzita dituzten Errekalde anaiak izango dituelarik.

Beraiekin batera, elkarrekin jotzen hasiberriak diren Jone Uria 25 urteko eibartarra eta Julene Otegi mungiar gaztea igoko dira Soreasuko oholtzara;Xalbador haundiaren bilobak diren Aire ahizpak bezalaxe. Eta hori gutxi balitz, Iker Allur soinujole zarauztarrak EinGO taldearekin batera joko du, Tapia eta Leturia bikotearen partaidetza ere izango duen Azpeitiko San Jose jaialdian.

Sarrerak dagoeneko eros daitezke (12 eurotan) Azpeitiko Pastorkua, Berdie eta Mendizabal tabernetan eta Azkoitiko Ixidro erretegian. Era berean, sarrerak erreserbatzeko aukera ere bada, trikitixa@trikitixa.eus helbidera idatziz edo 943 832 828 telefono zenbakira deituz. Saldu gabe gera-tzen diren sarrerak larunbatean bertan jarriko dira salgai Soreasuko leihatilan, 16.00etatik aurrera.

Azkenik, Azpeitiko Udalak larunbateko jaialdirako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu. Zozketan parte hartu nahi duten herritarrek udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 943 157 185 telefono zenbakira dei dezakete (ostiraleko 12.00ak arte) izena emateko.