Serafin Sagarzazu hondarribiko zeria jatetxeko jabea

“Pintxoaren kulturak kalte egin digu, baina bada oraindik, zorionez, jatera lasai eseri nahi duen jenderik”

Serafin Sagarzazuk 84 urte ditu eta jubilatua dagoen arren, 1965ean zabaldu zuen San Pedro kaleko Zeria jatetxearen bizitza gertutik jarraitzen du oraindik. Sagardogile ere izandako hondarribiar honek kontatzeko asko du.

Xabier Sagarzazu - Miércoles, 15 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:12h

Serafin Sagarzazu

Galería Noticia

Serafin Sagarzazu

hondarribia- Berez lana aspaldi utzi zuen Serafin Sagarzazuk eta gaur egun, jatetxearen kudeaketa Arantza Zurutuza emazteak eta alabek daramate. Baserrian bizi da lasai Hondarribian hain ezaguna den ostalari hau.

Noiz hasi zinen Zeriarekin eta zergatik du izen hau jatetxeak?

-Ostalaritza beti izan da nire bizitza. Zeria 1965an zabaldu genuen, baina aurretik, hemendik gertu dagoen Kuluxkan sagardotegia zeukan familiak eta han hasi nintzen. Etxe hau 1575. urtekoa da eta bere jabeak, bota eta etxebizitza berriak eraiki nahi zituen garai hartan. Baina ez zioten baimenik eman eta saldu egin zuten azkenean. Guk erosi genuen eta jatetxea jartzeko zaharberritzea zen asmoa. Lanak prestatzen ari ginela, etxeko zimenduen azpian, bale baten hezurrak agertu ziren, gero Karbono 14aren proba egin eta 1464. urtean datatu zituztenak. Arrantzaleek euskaraz esaten zuten Zerian izurrak atzeman ttuzte. Hortik du jatetxeak , Zeriaedo balearen izena, Hondarribiko euskaraz esaten den modura. Sarreran daukagu oraindik bale edo zeri haren hezur okzipitala.

Jatetxe honek 52 urte daramatza martxan. Non dago honelako ibilbide luzearen sekretua?

-Nire ustez, lana gustura egitean, lehenengo. Hau da, egiten duzuna gustukoa baduzu, hobeto egiten duzu. Bai nik lehen eta bai emazteak eta alabek, jendea etxean hartu eta ondo sentiaraztea izan dugu beti helburu. Hori aurrena. Eta gero, nola ez, jatetxean ematen duguna ondo ematea. Itsaskien haztegia hasieratik izan dugu Zerian eta arrain freskoa prestatzea izan da beti gure puntu sendoenetako bat.

Zeintzuk izan dira edo dira oraindik Zeria bezalako jatetxe baten bezero onenak? Bidasoaz beste aldeko jende asko etortzen zaizue?

-Denetarik daukagu. Bai bertako jendea, baina Iparraldekoa edo Frantziakoa, bai espainiar estatu osokoa, hauek bereziki udaran. Garai batean, udako hilabeteak hemen pasa ohi zituzten bañista madrildarrak oso bezero onak ziren, eta badira oraindik ere. Eta frantsesak ere asko, nola ez. Baina lehen bezero hobea zen frantsesa, arrain mota desberdinak aurkitzen zituena (arrozela, legatza, mero zuria edo erreboiloa) eta beste aldean ez ohikoa zen parrillan egitea gustuko zuena, poltsikoari begiratu gabe, gainera. Orain, frantsesak, askotan pintxoak jan ostean sartzen dira Zeriara eta beste modu batean jaten dute. Espainiar estatuko turista askok, aldiz, oraindik mahaian eseri eta otordu ederra egitea aprezia-tzen dute, pintxotara etortzen badira ere. Madrildarrak, nola ez, eta baita katalanak, valentziarrak, andaluziarrak edo kanariarrak, beste askoren artean.

Pintxoez ari garela... Hondarribiak izen gastronomiko haundia hartu du eremu honetan urte batzuetatik honera, eta jende asko etortzen da pintxoek erakarrita. Honek zuei mesede ala kalte egiten dizue?

-Pintxoaren kulturak eta honi egiten zaion izugarrizko promozioak ez digu mesede askorik egiten, egia esan. Baina ez da Hondarribiko kasua bakarrik, gizartearen ohituren aldaketa eta eboluzio bat baizik. Jendeak nahiago du kalean lagun artean solasean aritu eta bitartean ardo eta pintxo batzuk hartu, tabernaz-taberna. Horregatik, gutxiago dira mahaian eseri eta otordu oso bat egiten dutenak. Baina zorionez, badago oraindik jatera lasai eseri nahi duen jenderik. Ez naiz ere pintxoen aurka ari. Guztioi gustatzen zaigu kultura hori eta lagunartean disfrutatzeko modu hori, momentu batzuetan.

Familia sagardogilea ere izan zarete. Kuluxka izan zenuten, gero Alde Zaharrean ere sagardoa egiten zenuten eta baserrian, Sagarzazu sagardotegia izan zenuten azkena. Zergatik itxi zenuten?

-Sagardotegiak ondo funtzionatzen zuen, baina haundia zen eta lan asko egin behar zen. Nik adina banuen ordurako eta duela hamar urte ixtea erabaki genuen. Zeriarekin jarraitu genuen aurrera. Bada, hori bai, oraindik sagardotegiaz galdezka deitzen duen jenderik. Interneteko gidaren batean edo hor egongo gara oraindik...

Emazteak jatetxean jarraitzen du, alaben laguntzarekin. Izango al du jarraipena zuen etxeak?

-Zeinek daki. Ogibide polita baina sakrifikatua da hau. Denborak esango du bizitza nondik joango den.