‘Irakurri, gozatu, oparitu’ kanpaina Malerrekan ere

Martxoaren 20tik maiatzaren 31 bitarte irakurzaletasuna euskaraz bultzatzeko

Domingo, 19 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:08h

doneztebe- Martxoaren 20an hasi eta maiatzaren 31 bitartean gauzatuko daIrakurri, gozatu eta oparitu ekimena 52 herri eta eskualdetan. Aurtengoa inoizko kopururik altuena da. Ekimenak 11. edizioa du, baina lehenengo aldiz eginen da Malerrekan. Euskaltzaleen Topagunea eta Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbitzua dira antolatzaileak.

Ekimen honek irakurzaletasuna bultzatu nahi du, herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera bultzatuz. Ekimenak parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak ematen ditu eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko: Irakurri. Lehenengo pausoa euskaraz irakurtzea da. Horretarako, liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu. Bigarrena, Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emanen digu, liburu dendan erabiltzeko. Hirugarrena Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emanen du. Apirilean eta maiatzean, 30 euroko balioa duen erosketa txeke bana zozketatuko du liburutegiko arduradunak, hilabete bakoitzean irakurketa fitxa bete dutenen artean.

Bi hilabete eta erdiz martxan izanen da, martxoaren 20tik maiatzaren 31ra Doneztebeko liburutegi publikoan, baina erosketa-txekeak Ostiz liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 10 artekoa izanen da. - A.A.A.