Erripan gora

Ezkaba mendi

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 19 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:07h

Galería Noticia

kale izenen kontu hau gauza bitxia izaten da. Konparaziora, Sarasate Pasealekua. Oraindik ere erdaraz hitz egitean, “Paseo de Valencia” izena dago gordea nire buruan, txikitan toki guztietan entzun bezala, eta urteetan, burua behartu behar izan dut “Paseo de Sarasate” errateko. Euskaraz, ordea, “Sarasate Pasealekua” atera zait beti naturaltasun osoz, eta sekulan ez, “Valencia Pasealekua”. Antzekoa gertatzen zait niri San Kristobal - Ezkaba toki-izenekin. Erdaraz, garai bateko ermitaren izena etortzen zait burura berehalakoan (San Kristobal). Lehenago, euskaraz ere, “San Kristobal mendia” en-tzuten zen, baina orain Ezkaba mendi gehiagotan. Azkenaldian, gainera, Ezkaba Txiki izena agertu eta zabaldu da, Atarrabia pareko gainari errateko. Hiriburuko dermioaren mutur bat Ezkaba Txikiko muinoraino iristen da. Eta hara, hantxe daude hiriburuan berez hazten diren haritzak. Horra hor, Iruñeko hariztia, behialako harizti handiaren lekuko.

Ezkaba mendi Iruñerriko biztanleon eguneroko irudia da. Batzuek Donostiako Igeldo gisako toki bat amesten zuten, eta holako zerbait proposatu du baten batek Ezkabako parkearen prozesuan. Duela ehun urteko argazkietan, bazterrak aunitzez ere soilago ageri dira;harrobiak, ageriago. Egun, ordea, suteak gorabehera, hegoaldeko mendi-hegalak ere ederki oihandu dira. Haurrek igo duten lehen mendia da. Biderik jendetsuenetakoa kanale ingurutik abiatzen da, bizkar gaineko bolbora-etxeraino, eta handik, bizkarrean barna tontorreraino. Errepide zartatuan ere mugimendu handia izaten da goiti eta beheiti, egun argiz eta gauez. Lasterkariak, txirrindulariak, paseaitzaileak, amoranteak… Hasierako begiratuan, tontor aldea ez da erakargarria;presondegi latzaren eraikin erdi hondatuak, antena-baso izugarria…, baina inguruz inguruko ikuspegiak zoragarriak dira benetan. Merezi du, merezi duenez.