2017ko, martxoaren 20a

240 interpretatzaile arituko dira Verdiren 'Requiem'-ean ekainaren 25ean Baluarten

Lunes, 20 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 20:50h

Giuseppe Verdi musikagile italiarraren Réquiem obra entzutetsua Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Iruñeko Orfeoiak Pau-País del Bearn orkestra eta abesbatzarekin (OPPB) elkarrekin gurean eskainiko dute datorren ekainaren 25ean, igandearekin, arratsaldeko 20.30ean. Emanaldian osotara 240 interpretatzaile arituko dira: orkestretako 105 musikari, koruetako 130 ahots, 4 bakarlari eta zuzendari musikala. Hitzordu musikala Iruñeko Baluarte eta Paueko Palais Beaumont biltzar-jauregiek 2014-2020ko Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzarako Programa Eragilearen (POCTEFA) ACADEMICE izeneko proiektuaren baitan dago;hori dela eta, Baluarten entzun ahalko den kontzertua bi egun lehenago, ekainak 23an, Paueko Zenith aretoan eskainiko dute, OPPBren denboraldiaren barnean. Bi emanaldiak OPPBko zuzendari titular Fayçal Karoui-k zuzenduko ditu, eta bietan Parisko Operako Elisabeth Moussous (sopranoa), Aude Extrémo (mezzosopranoa), Jean-François Marras (tenorea) eta Mateusz Hoedt (baxua) bakarlariek parte hartuko dute, azken horiekin OPPBk lankidetza estua baitu. Sarrerak 20 eta 15 eurotan ohiko kanaletan eskura daitezke: Baluarteko txartel-leihatilan, www.baluarte.com web gunean eta 902 15 00 25 telefonoan.