Zuztarrak errotuz taldearen hitzaldi zikloa gaur hasiko da

Beñi Agirrek ‘Atxorrotxekogaztelutik Leintzekotenentziara’ berbaldiaeskainiko du Arrasaten 

2017(e)ko martxoaren 21a, asteartea - 12:09etan eguneratua

ARRASATE – Azken zazpi urteotako ekimenari jarraituz, Arrasateko Zuztarrak errotuz taldeak Udaberriko hitzaldi zikloa prestatu du. Lehenengo hitzordua gaur izango da eta bertan, Atxorrotxeko gaztelutik Leintzeko tenentziara. Arrasaten barrena, itsasora bidean izenburuko berbaldia eskainiko du Beñi Agirre historialariak (19.30ean). Ekitaldian, Eskoriatzako gazteluari buruz egindako 20 minutuko dokumentala (azkeneko aurkikuntzekin) proiektatuko dute.

Hilaren 29an (19.00), aldiz, Jakoba Errekondo usurbildarra Bizi baratza: garaian garaikoa garaiz idatzitako liburuaren gainean arituko da. Baratzean lurra iraultzen den bezala, iraultza dakar bara-tzeak. Gure garaiko iraultzarik handienetakoa. Baratzerako grina berpizten ari da, ari denez, eta Errekondok liburu honen bidez, lehen urratsak egiteko gida ezin hobea eskaintzen du, bertoko ikuspegiaz. Beraz, datorren asteko solasaldian aipatutako lanean biltzen dituen aholkuez hitz egingo du egileak.

Bukatzeko, apirilaren 5ean (19.00), Jose Antonio Azpiazu historialari eta antropologoak Euskaldunok eta itsasoa, Debagoienetik Ternuara delako hitzaldia aurkeztuko du. Hiru ekitaldi Kulturaten izango dira.

“Gure historian sakontzeko” eta herriko kultur ondarean beste belaunaldiei transmisioa lantzeko helburuarekin sortu zen 2010ean Zuztarrak errotuz taldea. Martxan jartzen duten hitzaldi zikloaren eskutik, “oroimen historikoa berreskuratu eta hausnarketa bultzatu” nahi dute antolatzaileek. – A.D.