“Getaria geldirik dago eta geldirik jarraituko du”

EAJren ustez, onartu berri diren aurrekontuak “inbertsioetan eskasak eta plangintzarik gabeak” dira

2017(e)ko martxoaren 23a, osteguna - 06:12etan eguneratua

Getaria- Onartu berri dira Getariako udal aurrekontuak eta EAJren ustez, “inbertsioetan eskasa eta plangintzarik gabea izateaz gainera, Udaleko zerbi-tzu juridikoen txostenak argi dio gauzatu ezinak direla proposatu dituzten inbertsioetako batzuk”.

EH Bilduk duela bost urte boterea eskuratu zuenetik, jeltzaleen iritziz, aurrekontuek ez dute Getariaren oraina eta geroa bermatuko duen plangintza estrategikorik gauzatu, eta Udalaren gardentasun falta “izugarria” dela gaineratu dute: “Udal Gobernu honek zerbitzu askoren gestioa lehiaketa publikorik egin gabe aukeratutako enpresen esku utzi du. Inolako aurrekontu ezberdinik ez du eskatu OTAko makinen alokairurako, liburutegiaren gestiorako, prebentzio zerbitzurako... Zerrenda luzea da”. Bestalde, Getariako jeltzaleentzat garrantzitsua da pertsonen ongizatera bideratzen diren zerbi-tzuen bermea, eta horien arabera, zerbitzu horri bideratutako diruan %14,64ko mozketa izan da, eta herriko gazteeie begirako proiekturik ez dagoela ere berretsi dute. Horretaz gain, beilatokiaren “inolako beharrik” ez du ikusten EAJk.

Oinarrian, Getaria geldirik dagoela dute iritzi: “5 urte eta erdiz geldirik dago, eta geldirik jarraituko du. Guk eskua luzatuta jarraituko dugu, baina argi adierazi nahi dugu oposizio garen aldetik informazioa elkarbanatzea oinarrizkoa dela, eta guk martxoaren 3an jaso genituen aurrekontuak, 8an diktaminatzeko. Baina Getariaren alde elkarrekin lan egiteko gonbita luzatzen diegu, beste behin”. - A.R.