XII. Motxaila eguna ospatuko dute bihar Mendaron

Festa girotzen joateko goi mailako bertso saioa izango da gaur gauean San Agustin kulturgunean

2017(e)ko martxoaren 24a, ostirala - 06:10etan eguneratua

mendaro- Mendaroko bizilagunek Motxaila egunaren XII. edizioa ospatuko dute bihar festa giroan. Hori bai, biharko jardunaldia berotzen joateko goi mailako bertso saioa izango da gaur (22.00etan) San Agustin kulturgunean. Emanaldia Zerua motxailen aterpe izenburupean egingo da eta bertan Unai Iturriaga, Julio Soto, Alaia Martin eta Jone Uria bertsolariek parte hartuko dute. Sarreren prezioa 5 eurokoa da.

Edonola ere, larunbaterako prestatutako egitarauari hasiera emateko Aitz Beltzeko kobara joateko ibilaldia egingo da (9.00etan Gaztetxetik).

Behin kobara helduta, bildutakoek mota askotako ekintzekin gozatzeko aukera izango dute. Izan ere, antzezlana, poesia, ipuinak, bertsoak, irrintzia eta kantuak egongo dira bertan.

Kobatik bueltatzerakoan herri bazkaria izango da (15.00etan) Gaztetxean. Prezioa 10 eurokoa da eta parte hartzeko interesa dutenek Aitzbeltz tabernan eros ditzakete tiketak. Bazkalostean Urteko Motxailaizendapena eskainiko dute Dardarakustikek eta Inozentzio pailazoak.

Programarekin jarraiki, Agosti eta Barrena trikitilariekin poteoa izango da arratsaldean (19.00etan hasiko da Gaztetxetik) eta XII. Motxaila eguna borobiltzeko Erokomeri taldearekin erromeria egongo da (gauerditik aurrera) Gaztetxean.

Bailarako herritar guztiak gonbidatuta daude Mendaron antolatutako ekitaldi ezberdinetan parte hartzera. - J.L.