Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Gezur hezurretik

Ichela

Por Aitzol Elizaran - Domingo, 26 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:07h

Galería Noticia

Ichela, horrela deitzen genion Oiartzun inguruko Itzela izena zuen diskoteka bati, nolabait gure estilokoa ez zela adierazteko, euskal puritanismotik haratago baitzihoan hori guztia. Kolore biziko arropak, trikitixarik gabeko gau-beilak eta abar, pentsaezina garaiko jendartean, Hemendik At bezalako taldeek tekno musika gure artean sartzekosaiakera egin baldin bazuten ere.

Oroitzapen horiek freskatu zizkidan irratian entzun nuen iragarki batek. Bertan, Espainiako telebista-aurkezle bat agertzen da hizketan, eta gotorleku hitzarekin itzuliko genukeen kafe-marka bat iragartzen du. Iragarkiaren euskarazko bertsioa entzun dut soilik, beraz, ezin gaztelaniazkoari erreferentziarik egin, baina segituan jo zidan belarrira, aipatu aurkezleak hitz egin eta adjektibo bat erabiltzerako orduan, ichela esaten duenean, gure itzela litzatekeena esan nahiean, pentsatu nahi dut. Iragarkia 4 edo 5 aldiz entzun eta oraindik ulertzeke nengoela, lankide batekin hizketan, azaldu zidan berak telebistan ikusi izanari esker ulertu zuela iragarkia bera, eta nonbait bere horretan eraman dute uhin artera, gehiegi moldatu gabe. Horregatik ulertzearen zailtasuna.

Azken horren komunikazio-eraginkortasun eta -egokitasunari gehiegi erreparatu gabe, bueltatu gaitezen ichela kontzeptura. Onar dezaket aurkezleak euskaraz jakin ez eta esfortzu bat egin izana, ados, baina agian norbaitek bi minutu bota zitzakeen ahoskera egokia irakasten saiatzen, adibide bezala pizza (espainiarren picsa edo piza) edo ragazza hi- tzak erabiliz, kasu. Bai, badakit euskalki guztietan tz fonema ez dela berdin ahoskatzen, baina ez da kasua. Badakit ere euskaldun ez direnenei zaila gerta dakiekela behar den bezala esatea, benetan, Aichol ari zaizue idazten, baina indar pixka bat jarrita, nik uste edonork lor dezakeela itzela modu naturalago batean ahoskatzea.

Non handitu zen nire sorpresa, hemen inguruko aurrezki kutxa baten telebistako iragarkia ikusten ari nintzela baldincha ezin hobeak eskaintzen ari zen langile bat azaldu zenean, eta haren atzetik beste bat antzeko esaldi eta ahoskera batekin.. Ez al zegoen aurrezki kutxako langileen artean euskaraz ondo zekienik? Modeloak edo aktoreak hartu dituzte papererako? Euskaldunik ez tartean? Bisicha osorako asegurua baino desastre segurua lortu dute, eta beste behin, garrantzia kendu euskarri behar lukeen hizkuntzari.

Iragarki edo bestelako edozein gauza euskaraz egitea erabakitzen duen enpresak gutxieneko garrantzia eman beharko lioke honi guztiari. Ez du zentzurik iragarki bat gaztelaniaz pentsatu eta diseinatzeak, eta gero euskarara pasatzeak;itzulpenean galdu egiten da beti, hizkuntza bakoitzak bere esamoldeak ditu, hitz-jokoak eta egunerokotasunetik har daitezkeen beste hainbat erreminta. Eta noski, ahalik eta egokien ahoskatu beharko lukete bertan agertzen direnek. Baina hizkuntzari eta honen erabilera egokiari garrantzia eman ezean, erdipurdiko emaitza gelditzen da, nahia izan eta ezinean geratzen dena, mierda vieja.