Erripan gora

Bidegorrien esperoan

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 26 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:07h

Galería Noticia

Garai batean, haurrak Takonerara joaten ziren txirrindulaz ibiltzera. Han bertan alokatzen zituzten, etxola txiki teilatu piko batean, artean ere kafe urrinik ez zegoenean (Café Vienés hori puskaz geroago iritsi baitzen), eta Txarli tximu bihurri eta feriatzailea jaio gabea zelarik. Gezurra iduri du nola gorde zitezkeen hainbertze txirrindula etxola ziztrin hartan, gehienak koskatuak, kolorerik eta galgarik gabeak, erdi herdoilduak, baina gurpilek jira eta bira egiten zuten, eta ateri zenean, Takonerako pasealeku hura mukuru betetzen zen haur txirrindulariz, ordubetez-edo joan-etorrian ibiltzeko Gaiarre airos eta zut dagoen tokiraino, lau sosen truke. Inor ere ez zen ausartzen ateratzera seinalerik eta marrarik gabeko “zirkuitu” hartatik, dena egiten baitzen “japi” zeritzen udal langile jantzi berde haien begiradapean, lorategietako guardia zorrotzak baitziren. Takonera ondoan, Aduanaren Zokoan, bazen txirrindulak konpontzeko tailer bat, handia bezain iluna, koipe arrastoz betea;hura zen bizikleta-meta ikaragarria;hura zen nahas-mahasa. Jabea, ordea, beti mandarra gainean lotua, ederki moldatzen zen anabasa hartan aurkitzeko zuk hara konpontzera eramandako txirrindula.

Ez zen giro Iruñean txirrindulaz ibiltzeko, eta egun ere, bada zer moldatu handia;bidegorri sare egokia, adibidez. Izan ere, antzua gertatu zen XX. mendean Pio XII.ean egindako lehen saialdi hura. Gero, XXI. mendearen hasierak espaloi gaineko bidegorri bitxien sare zabala ekarri zigun, lurrean marra soil bat marraztuta;konparaziora, Labriteko aldapako espaloi meharraren gaineko bidegorri arriskutsua. Bertze gauza batzuk, ordea, nekezago molda daitezke, hala nola eguraldi petrala, aldapak, errotonda arrisku- tsuak, gidari aunitzen jarrera (eta zenbait txirrindularirena ere bai), eta batez ere, eskuluzeen manera bidegabeak.