Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Goiz bakar batean urak ezabatutako mende eta erdiko historia berreskuratu da

Lunes, 27 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 20:57h

Nafarroako Gobernuaren, Baztango Udalaren, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren eta espezializatutako enpresa baten arteko baterako lanari esker, orain dela hiru urteko uholdeak kaltetutako Elizondoko Bake Epaitegiko eta Erregistro Zibileko artxiboak berreskuratu dira.

Baztan ibaiaren uraldi batek, adituek 50 edo 100 urtean behin bakarrik gertatzen direla uste duten horietako batek, Elizondoko Bake Epaitegiko eta Erregistro Zibileko artxiboetan jasotako Baztan Haranaren eguneroko historia ezabatu nahi izan zuen 2014ko uztailaren 4ko goizean.

Itxuraz bigarren mailako historia, ez baitu gordetzen nazioarteko itunik, errege-agiririk edo epai judizialik, baina ezinbestekoa dena ezkondutako bikote batek bere haur jaioberria erregistratu nahi duenean, familia batek hildako senitarteko baten jaraunspena onartzen duenean edo atzerrira joandako baztandar baten bilobak espainiar nazionalitatea eskatzen duenean.

Udalerriko etxebizitza, kale eta zerbitzu batzuekin gertatu zen bezala, urak eta lohiak Bake Epaitegia hartu zuten goiz hartan;Elizondoko udaletxearen atzealdean dago epaitegia, ibai-ibilgutik oso gertu. Ia erabat suntsituta geratu zen epaitegiko artxibo guztia, XIX. mende erdialdera artekoa. Ohiko informazioa gordetzen zuen –jaiotzak eta heriotzak, ezkontzak eta hauteskunde-prozesuak, jakinarazpen judizialak edo aurrekari penalak–, baina oso baliagarria baztandarrentzako eta administrazio-erregistroentzako.

Agiri horiek berreskuratzea zen Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren helburua, eta lortu egin da, hainbat administrazioren baterako lanari eta artisau-erako zaharberritze-teknikei esker. Horrela, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eta Nafarroako Gobernuak hartu dute beren gain artxiboa berreskuratzeko finantzazioa, 200.000 eurorekin;Baztango Udalak beharrezko bitarteko materialak jarri ditu;eta Kulturako Zuzendaritza Nagusiarekin kolaboratzen duen Barbachano &Beny enpresak egin ditu agirien zaharberritze-lanak, Cercedillan duen lantegian. Zaharberritze-lan hori eta argazkien digitalizatze-lanak Maria Jose Beaumont Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak eta Rafael Catala Justizia ministroak 2015eko irailean sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasota zeuden.

Partekatutako lana izan da, eta lan horretan parte hartu dute beste hauek ere: epaitegiko langileek;Iruñeko artxibategi judizialetako langileek, gertakarien momentuan agiriak erreskatatzen, lehortzen eta garbitzen parte hartu baitzuten;Baztango bizilagunek, altzariak utzi baitzituzten, eta denbora-aldi honetan zehar arreta- eta artxibo-lanak egin baitituzte epaitegian.

Zoritxarrez, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuaren kalkuluek birgertatze-aldiari buruz aurresaten duten bezala, 2014koa bezalako uraldi bat 50 urtean behin gertatzen da batez beste eta, zalantzarik gabe, orain dela hiru urtekoa bezalako uholdeak errepikatuko dira etorkizunean, lehenago edo beranduago, nahiz eta ez dakigun zehazki noiz. Hala ere, bake epaitegiko eta erregistro zibileko berreskuratutako funtsak salbu egongo dira egoitza berrian, Foruzaingoaren komisaria zegoen eraikinean;izan ere, hara eramango dira agiriak datorren astean, Baztango Udalak lokal horiek egokitu ondoren. Laster egingo du hara bisita Beaumont kontseilariak.

138 liburu, eta agiriz betetako 97 kaxa  

Uholdeak 138 liburu eta eskuz idatzitako, mekanografiatutako eta inprimatutako agiriz betetako 97 kaxa kaltetu zituen, horietatik zaharrenak 1854koak. Guztiak berreskuratu dira. Agiri horietan jasotzen dira Baztan Haraneko azkeneko 84 urteetako jaiotzak, ezkontzak eta heriotzak, 1899. urteaz geroztiko hauteskunde-prozesuetako dokumentazioa, eta epaitegi horrek XIX. mende erdiaz geroztik emandako adiskidetze-egintzak, erreguak eta kontziliazioak, besteak beste.

Liburu eta kaxa horietako asko urak eta lohiak hartu zituen. Uholdea igaro zenean, lan neketsua izan zen haiek berreskuratzea. Materialak erabat bustita zeuden eta, ondorioz, irristatu egiten ziren eta oso erraz puskatzen ziren. Gainera, hezetasun-maila handiaren eraginez, eta erabat lehortu arte denbora luzea igaro zenez, mikroorganismoak ugaldu ziren;kutsadura-maila aldakorra zen, material batzuek orban gutxi batzuk zituzten, baina bazeuden onddoek erabat hartutako orri-multzoak ere.

Beste kalte batzuk ere jasan zituzten: desagertu egin ziren paperek zituzten tinta, disolbagarriak baitziren;hezetasunak deformazioak eragin zituen, liburu batzuk tolestuta zeuden eta kaxak bihurrituta;agiriei eusten zieten metalezko elementuak herdoilduta, hala nola grapak eta klipak;eta koadernaketak hondatuta, liburuak ezin baitziren itxi orrien bolumena hazi egin baitzen uraren eraginez.