Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta CENIFER zentroak bioeraikuntzako ikastaroa sustatu dute

Lunes, 27 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 20:55h

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak – Nafar Lansarek, CENIFER Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalaren bitartez, Bioeraikuntzaren arloko lanbide heziketako ikastaro pilotua sustatu du;bioeraikuntza da material naturalak eta bertakoak bakarrik (hala nola, harria, lurra, lastoa, adobea, karea eta egurra) erabiltzen dituen eraikuntza-modalitatea.

Espainian Bioeraikuntzari buruzko berariazko ikastaro ofiziala antolatzeko egiten den lehen saiakera da. Iñaki Uria arkitekto bioklimatikoak zuzenduko du ikastaroa, eta Estatu osoko erreferentziazko irakasleek emango dute.

Nafar Lansarek eta CENIFER zentroak dagoeneko ireki dute ikastaro pilotu horretan izena emateko epea;doakoa da, eta maiatzaren 9an hasi eta irailaren 8an amaituko da. Lizason (Ultzama) izango da ikastaroa, Ultzama Fundazioarekin lankidetzan. 20 plaza daude, eta lehentasuna izango du eraikuntzako gremioetako langabeek.

Behin edukiak aztertu ondoren, CENIFER zentroaren helburua da, energia berriztagarrien arloan trebatzeko nazio mailako erreferentziazko zentroa den aldetik, Prestakuntza-espezialitateen Katalogo Nazionalean sartzea eta Estatu osoko eraikuntzako langileak zein irakasleak trebatzen edo birziklatzen hastea.

Horrela, Nafar Lansarek eta CENIFER zentroak aurrea hartu diote gai horretan trebatzeko dagoen gero eta eskari handiagoari;eskari hori handitzen joatearen arrazoia da gero eta handiagoa dela ingurumenaren eta energia-eraginkortasunaren inguruko kontzientzia ere, Nafar Lansareko Gaitasun Profesionalen Garapenaren zerbitzuko zuzendari Ignacio Catalanek eta CENIFER zentroko teknikari Alberto Diazek prentsaurrekoan azaldu dutenez.

Proiektu pilotua: Lizason barraskilo itxurako eraikin bat eraikitzea

Ultzama Fundazioarekin lankidetzan egingo da ikastaro hori;Ultzama Fundazioa garapen jasangarriarekin lotutako arloa bultzatzen ari da Lizason. 2013ko irailean jarri zuen abian bere Abeltegi Eskola;eskola horren bitartez, ikastetxeak, familiak eta, oro har, turistak sentsibilizatzen ditu lehen sektoreak (animaliak, mami-tailerrak, 0 kilometro elikagaiak), ekologiak eta permakulturak duten garrantziari buruz.

Fundazioak bere buruari jarri dion helburu bat da janari osasungarriei buruzko nazioarteko proiekzioa izango duen munduko lehen "slow food" eskola eraikitzea. Eraikin nagusiak barraskilo itxura izango du, eta 225 metro koadrokoa izango da.

Ikastarorako onartzen dituzten pertsonek, bioeraikuntzako irizpideekin eraikin oso bat eraikitzen ikasiko dute. Hain zuzen ere, ikasgela-jantoki erabilera izango duen eraikinaren zati nagusia (barraskiloa) eraikiko dute, 200 metro koadro baino gehiago izango dituena (ikasgela-jantokia, sukaldea, komunak eta zerbitzurako beste gela batzuk) eta 25 lagunentzako edukiera.