Erabakita gelditu da Bertsolari Txapelketaren finalerako zortzikotea

Eneko Fernandezek eskuratu zuen garaipena Agoitzeko azken finalaurrekoan

Miren Mindegia - Martes, 28 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:08h

Eneko Fernandez bertsolari lesakarra nagusitu zen Agoitzeko finalaurrekoan.

Eneko Fernandez bertsolari lesakarra nagusitu zen Agoitzeko finalaurrekoan. (utzitakoa)

Galería Noticia

Eneko Fernandez bertsolari lesakarra nagusitu zen Agoitzeko finalaurrekoan.

iruñea- Joan zen larunbatean Agoitzen jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoan, Eneko Fernandez lesakarra nagusitu zen, apirilaren 8an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den final handirako pase zuzena eskuratuz. Hala, harekin batera, Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Xabier Terreros eta Julen Zelaieta izango dira Anaitasunako oholtzan.

220 bertsozale bildu ziren Agoi-tzeko kultur etxean jokatutako saioan bertan. Oholtza gainean, sei bertsolari, finalerako postu baten lehian: Joanes Illarregi, Aimar Karrika, Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Oier Lakuntza eta Eneko Fernandez. Agoitzeko San Miguel ikastetxeko ikasleen agurrak eman zion hasiera saioari eta Fernando Anbustegi aritu zen gai-jartzaile lanetan.

Saio puntuagarriaren ostean, Eneko Fernandezek eskuratu zuen puntu gehien, 394, eta horrenbestez. Haren atzetik sailkatu ziren Aimar Karrika, Julen Zelaieta, Oier Lakuntza, Joanes Illarregi eta Patxi Castillo.

Horrenbestez, osatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda. Finalaurreko bakoitzeko irabazleari, sailkapenaren araberako hurrengo bost bertsolariak gehitu zaizkio. Hala, Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Xabier Terreros eta Julen Zelaieta izango dira Anaitasunako oholtzan izango diren bersolariak.

Erran bezala, datorren asteko larunbatean ospatuko da finala, 17.00etatik aurrera Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Sarrerak salgai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian, eta baita ondorengo salmenta puntuetan ere: Karrikiri denda (Iruñea), Fantxike denda (Elizondo), Okindegia (Lesaka), Maimur liburudenda (Leitza), Xapatero taberna (Etxarri Aranatz) eta Katxetas taberna (Lizarra).