“Mugak haustea” du helburu Iparra-Hegoa kultur asteak

Igandera arte hainbat ekintza egingo dituzte Seguran, egitasmoaren 22. edizioan

M. Aranburu - Miércoles, 29 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 08:24h

Garaziko ikastolako 60 haurrek bi egun egin dituzte Segurako herri eskolakoekin batera.

Garaziko ikastolako 60 haurrek bi egun egin dituzte Segurako herri eskolakoekin batera. (L.A.)

Galería Noticia

Garaziko ikastolako 60 haurrek bi egun egin dituzte Segurako herri eskolakoekin batera.

segura- Segurarrak buru-belarri dabiltza murgilduta aurtengo Iparra-Hegoa kultur astean. Igandean emango diote amaiera urtero garai honetan antolatzen duten aste bereziari, eta aurtengoan 22. edizioa ospatzen ari dira.

Xabier Albizu antolakuntzako kidea da eta haren hitzetan, orain arte lortutakoarekin ”oso gustura” daude: “Beste herri batzuetan ere hasi dira horrelako ekintzak egiten, Iparraldeko beste herri batzuekin anaikidetzen eta ikasleen arteko harremanak bultzatzen”, azaldu du. Aste askotako lana izaten da horrelako ekintza bat antolatzea, baina gogoz aritzen dela ere esan du. “Egiten dugun lana isila da. Batez ere, luzera begira egiten den lana da”. Horregatik ez du orain arteko balorazio orokorrik egin nahi, oraindik ere lan handia egin behar baita bere ustez. “Iparraldea eta Hegoaldearen arteko mugak haustea dugu helburu”, nabarmendu du Albizuk. “Oraindik ere diktadura eta bestelako gerrateen ondorioz egon diren zatiketak nabarmenak dira. Iparraldekoekin kultura eta hizkuntza elkarbanatzen dugu, baina aldenduta gaude eta elkartu egin behar dugu”, gaineratu du.

igandera arteElkartasun hori helburu izanda, hainbat ekintza egingo dituzte. Esaterako, astelehenean eta atzo bertan protagonistak etxeko txikienak izan ziren. Iparraldeko Garazi ikastolako 60 haur Seguran izan dira bertako ikasleekin batera. Atzo arratsaldean jaialdia egin zuten eta, ondoren, berriz ere autobusa hartu eta etxera itzuli ziren. “Agian hemengo gazte batentzat Zuberoako kuadrilla bat aurkitzea arraroa da, baina elkartzea bilatzen dugu”.

Haurren egonaldiaz gain, bestelako saioak ere egongo dira. Gaur, gastronomian ageri diren aldeak aztertuko dituzte Donibaneko Ostatuko Ramuntxo Berria eta Ormaiztegiko Kuko jatetxeko Iker Markinezek. 19.00etan hasiko da hitzaldia Elorri elkartean, eta ondoren adibide praktikoa egingo dute. Bihar, berriz, bertsoak izango dira protagonista. 19.30ean bertso eta kantu poteoa egongo da Amets Arzallus eta Julio Sotorekin batera, Kuxkuxtu txaranga lagun dutela. Ondoren, 21.30ean, afaria egingo da plazan. Horretarako sarrerak Elorripen daude salgai. Ostiral iluntzean arkume errea dasta-tzeko aukera egongo da, eta gau erdian Iruñeako Altxatu eta DJ Bull taldeen kontzertua izango da.

topaketa eta ekitaldiaApirilaren lehenengo egunarekin batera jarraituko du festak. 9.30ean Euskal Herriko hainbat herritako mendizaleek inguruko bazterrak ezagutuko dituzte. Eguerdian eta arratsaldean gazteen topaketak izango dira, elkartasun hori indartzeko asmoz. 19.00etan, taloak eta euskal ardoen dastaketa antolatu dute. 23.00etan, Segurako Patxara taldeak eskainiko du kontzertua eta jarraian Lapurdiko Iñazki taldearen saioa izango da.

Igandean amaituko da aurtengo Iparra-Hegoa. Egun osoan zehar festa eta musika izango dira nagusi eta 11.30ean Goierri eta Iparraldeko hautetsiekin ekitaldi instituzionala egingo dute udaletxean. 14.00etan, bestalde, Euskal Herriko herrialdeen arteko lotura sinbolizatzen duen Gereziondoko ekitaldia izango da. Ondoren herri bazkaria egingo dute eta datorren urtera arte agurtuko dute elkar.